Zabalik, udalerri euskaldunetako udalekuetan izena emateko epea

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 19a, 00:00

'Salto!' topaketak antolatu dituzte 2004 eta 2007 urteen artean jaiotakoentzat. Martxoaren 31ra art eman daiteke izena. 

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira aurten, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, martxoaren 31ra arte. Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena, eta 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira. Bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranatzetik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. 

2004 eta 2007 urteen artean jaiotakoentzat luzatu dute deialdia, eta topaketaren helburua da «udalerri euskaldunetako gazteak euskeraren bueltan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea». Joan den urtean, gainera, gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten, parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk.

 

Izena emateko bideak

Joan den otsailaren 1ean ireki zen udalekuetan izena emateko epea, eta hainbat modutara bete daiteke eskaera: www.uema.eus webgunean, formularioa beteta; 943 81 66 99 telefonora deituta; edo, bestela, datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidalita. 

Horrez gain, topaketetarako, begiraleak eta sukaldariak ere behar direla jakinarazi dute, eta horiek hautatzeko prozedura abiarazi du UEMAk. Hori horrela, topaketetan begirale edo sukaldari izan nahi dutenek ere martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dute curriculuma. Hautaketa amaitu ondoren, apirilaren 15erako jakinaraziko zaie erabakia hautatuei.

Begirale izateko baldintzen artean, honako hauexek baloratuko dituztela argitu dute: begirale titulua izatea, EGA edo bere baliokidea izatea, hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo burutzen egotea, lan eskarmentua izatea antzeko lanetan, euskerarekiko sentsibilizazioa izatea eta taldean lan egiteko erraztasuna izatea. 

Ibilbideari buruzko informazio zabalagoa jaso nahi izanez gero, edo, bestelako zalantzaren bat argitzeko, kontsultatu www.uema.eus web orria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!