Egun berezia izango da gaurkoa, Luken Elizegi goizuetarrarentzat: Nafar Jokoetako finala jokatuko du gaur, sein mailan. Iruñeko Labriten izango da hori, goizeko 10:00etan hasita; eta Aurrera taldeko Zabaletaren kontra ariko da goizuetarra.
Goizuetan ere izango da partidurik, gaur eta bihar. Nafar Jokoetakoa jokatuko dute Oihan Legarreta eta Egoitz Elizegi kadeteek, gaur bertan, goizeko 11:00etan hasita. Zugarralde izango dute aurrez aurre. Eta bihar, Mendialdeko Txapelketako bi partidu izango dira; bietan, bi bikote goizuetar ariko dira elkarren kontra, gainera. Aurrena, seinetan, Elizegi eta Aranberri ariko dira, Segesen eta Larinen kontra. Eta ondoren, kimuetan, Legarretak eta Alsuak jokatuko dute, Zurutuzaren eta Garmendiaren kontra. Leitzan ariko dira beste bi goizuetar, bihar, kimuetan. Alize Sagarduik Larraungo Lekuonarekin jokatuko du, Larraungo Vianaren eta Orejaren kontra, 19:30ak aldera. Eta segidan ariko da Axel Salaberria, Aurrerako Sagastibeltzarekin, Errekako Zestauren eta Aurrerako Ugartemendiaren kontra.
Gipuzkoako txapelketei dagokienez, berriz, trinketean izango dira partidu garrantzitsuak. Jubeniletan, esate baterako, Jon Jara eta Unax Manterola hernaniarrek Intzako Diaz de Gereñuren eta Urdanpilletaren kontra jokatuko dute gaur, goizeko 11:00etan Iruran; eta irabaziz gero, finala jokatzeko sailkatuko dira.