Kolorez jantziko da Urumea bailara gaurtik hasita, izan ere, gainean dauzkagu inauteriak. Herritarrek pozez hartzen dituzte data seinalatu hauek, txikienetik hasi eta helduenera arte. Pasa den urteetan inauteriak ez ziren bere horretan ospatu, baina aurtengoan, gizarte grisa kolorez margotzera aterako dira herritarrak, seguru. Horretarako, Urumea bailaran inauteriak ospatzeko mota ezberdinetako egitarauak prestatu dituzte, hala nola, Aranon, Goizuetan, Hernanin eta Astigarragan.
Gaurkoan, inauteriak iragarriko dituzte Aranoko herritarrek antolatutako Zahagi Dantzarekin, hala ere, ez dituzte urteroko inauteriak ospatuko «egoera dela eta». Gaur goizeko 09:00etan jarri dute hitzordua, Beltxoko-bordan, eta bertatik aterako dira: «Zahagi Dantza eguerdiz izango da herrian, auzoko Puska Biltzearen ostean, horrela amaituko dugu herrian». Gainera Aranoko herritarrek erabaki dute bazkari ofizialik ez egitea, eta honako gomendioa helarazi dute: «osasun egoera erabat egonkortu arte, ez gara baserrietara sartuko. Beraz, zure atarian ezin bagara elkartu, arrimatu zure auzoko beste etxeren batera eta dantzatuko gara elkarrekin!». Beraz, eguerdiko Zahagi Dantzarekin ospatuko dituzte aurtengo inauteriak, Aranoko herritarrek.
Otsailaren 25etik martxoaren 1era, Hernanin
Hernaniko Udalak eta Inauterietako Batzordeak adostuta, 2022ko Inauterietako egitaraua prestatu dute dagoeneko. Horregatik, Udalak honako oharra helarazi nahi izan die herritarrei: «Covid-19ak eragindako egoera kontuan hartuta, azken unera arte zenbait ekitaldi kolokan izan dira, eta beraz, lanketa haundiagoa zuten jarduerak ezin izango dira egin. Dena dela, aste honetan bertan erabaki da txarangek ere lekua izango dutela Inauterietan, nahiz eta egitarau ofizialean ez jaso».
Urumea bailarako inauteriak Aranon hasiko badira ere, jarraipena izango dute Hernanin, eta ofizialki, otsailaren 25etik martxoaren 1era bitartean ospatuko dira. Ohiko Inude eta Artzainen desfilea eta eskolekin egiten zen lehen eguneko kalejira bertan behera geratu dira, eta, ondorioz, bihar hasiko da festa: Musika Bandak eskainiko duen Inauterietako kontzertuarekin.
Otsailaren 25ean, DJ Porruk dantzan jarriko ditu Atsegindegiko plazara bertaratuko diren txikiak eta helduak. Arratsalderako, ere hitzordua jarri dute kiroldegiko frontoian, afizionatu kategoriako pilota eta pala partiduak izango baitira. Hurrengo egunean, txistulariek esnatuko dute herria, dianarekin. Nahiz eta goizean txistularien doinuak izan protagonismoa, eguerdian, Jaiki Hadi taldearen doinuek hartuko dute lekukoa, eta San Joan konpartsak antolatutako erromeriari emango diote doinua. Atsegindegin izango da, eguerdiko 12:00etan hasita. Arratsaldean, Potx eta Lotx sudur gorrien bisita izango dute herriko txikiek, Biterin. Bertaratzeko aldez aurretik gonbidapenak eskuratu behar dira, eta bi modu daude: Biteriko leihatilan, edo kultura.hernani.eus webgunean. Pailazoez gain, DJ Perurenak, gorputzak mugimenduan jartzeko musika jarriko du, Atsegindegin, herriko gaztetxoentzat. Hernaniko Musika Bandaren kontzertu tematikoak emango dio amaiera larunbateko ekintzei, arratsaldeko 19:00etan.
Otsailaren 27an, Ttarla dantza taldeko haur eta gazteak konpartsan ibiliko dira herriko kaleetan barrena, eta arratsaldean, berriz, Musika Eskolako trikitilariak ibiliko dira kaleetan doinua jartzen. Horrez gain, Yllana konpainiaren Trash! umorezko musika ikuskizuna izango da Tilosetan, eta antolatzaileek aditzera eman dute euria eginez gero, Atsegindegin izango dela emanaldia.
Otsailaren 28an, berriro ere dianaren doinuek esnatuko dute herria, goizeko 09:00ak aldera. Jarraian, 11:30etan, etxeko txikiek itsasoko herri kirolez gozatzeko aukera izango dute, Atsegindegin. Eta gaztetxoentzat puzgarriak jarri dira arratsaldeko 17:00ak aldera.
Aipatu moduan, Hernanin martxoaren 1ean emango zaie amaiera inauteriei, Sardinaren Ehorzketarekin.
Otsailaren 27tik martxoaren 1era, Goizuetan
Goizuetar txikienek emango diete hasiera inauteriei otsailaren 27an, izan ere, arratsaldean haurrek Zahagi Dantza eskainiko dute, eta jarraian, 18:30ak aldera, doinu eta ahots ederrekin, sekulako giroa jarriko dute Garazi Erbitik eta Gorka Arraiagok. Arratsaldeko ekintzen ostean, afari baten bueltan bilduko dira goizuetarrak, gaueko 21:30ak aldera. Eta seguru kantuan eta dantzan amaituko dutela eguna.
Otsailaren 28an, goizean goiz herritarrek mozorroen irteera antolatu dute, baserrietara, musika lagun izanik. Eta antolatzaileek azaldu dute, mozorrotzeko gaia akelarrea izanen dela. Arratsaldean, berriro Garazi Erbitik eta Gorka Arraiagok hartuko dute lekukoa, eta dantzan egiteko parada izanen dute herritarrek. Gainera, ilunabarrean mozorroen etorrerarako hitzordua jarri dute, eta gaueko 22:00etarako, mozorroen afaria egingo da, dantzan eta kantuan amaituz eguna.
Martxoaren 1erako ere egitarau oparoa prestatu dute goizuetarrek. Goizean goiz, herritarrak mozorrotuta irtengo dira kaleetan barrena, eta eguerdian, bazkari baten bueltan bilduko dira, goizeko dantzekin galdutako indarrak berreskuratzeko asmoarekin. Izan ere, arratsaldean, urteroko ohiturari jarraituz, Zahagi Dantzak girotuko ditu Goizuetako kaleak, eta amaitu ostean, Pantxo Balbuena mexikarraren doinuez gozatzeko parada izanen dute bertaratzen direnek. Martxoaren 1ari afari batek emango dio amaiera.
Martxoaren 5ean, Kontun Egunak izanen du protagonismoa Goizuetan. Eguna poteoan hasiko dute herritarrek, Igandea txarangaren laguntzarekin. Jarraian, mozorren bazkarirako zita izanen dute, eta arratsaldean, berriro, Igandea txarangak musika instrumentuak hartu eta kaleak girotuko ditu, eta honela agurtuko dituzte inauteriak Goizuetan.
Otsailaren 27an, Astigarragan
Astiko elkartearen eskutik, Iñude eta Artzainen konpartsa, eta danborrada antolatu da, otsailaren 27rako. Goizeko 11:30etan jarri dute hitzordua, Ergobiko plazan, bertatik abiatuko baitira. Konpartsan eta danborradan parte hartzea irekia da. Konpartsan garaiko jantziekin apainduta dagoen edonork hartu dezake parte, eta danborradan ateratzeko, gutxienez 15 urte izan behar direla azpimarratu du Astiko elkarteak.
Aipatu bezala, Ergobiko plazatik abiatuko da konpartsa, eta kale buelta luze baten ondoren, eguerdiko 13:00ak aldera izango dira bueltan iñude, artzai eta danborjoleak. Euria eginez gero, hori bai, Kontxa etxeberria plazan egingo da eguneko ekintza, aurreratu dutenez.
URUMEA BAILARAKO INAUTERIAK
ARANO
GAUR
09:00 Zahagi dantzarako irteera, Beltsoko-bordatik. Bazkalaurrean eginen dute Zahagi Dantza.
Puska Biltze 'laburra'
HERNANI
BIHAR
13:00 Hernaniko Musika Bandaren inauterietako kontzertua. Udaletxeko arkupeetan.
Otsailak 22 eta 23
17:30 Maskarak egiteko aukera. Gaztelekuan.
Otsailak 25
17:30 Inauteri festa Gaztelekuan.
17:30 DJ Porru 3.0 musika eta dantza ikuskizuna haurrentzat. Atsegindegin.
19:00 Afizionatu kategoriako pelota partiduak eta pala partidu mistoak. Kiroldegiko frontoian.
Otsailak 26
10:00 Txistulari Bandaren kale buelta.
12:00 Erromeria Jaiki Hadi taldearekin. San Joan Konpartsaren eskutik. Atsegindegin.
18:00 'Kaleak bizirik' Potx eta Lotx pailazoak haurrentzat. Biterin. Gonbidapenak: Biteriko leihatilan edo kultura.hernani.eus webunean.
18:30 Dantza festa gaztetxoentzat DJ Perurena. Atsegindegin.
19:00 Hernaniko Musika Bandaren kontzertu tematikoa. Udaletxeko arkupeetan.
Otsailak 27
12:00 Ttarla dantza taldearen irteera. Urbieta kalean.
19:00 Hernani Musika Eskola Publikoko trikitilariak kaleetan barrena.
19:30 'Trash!!', Yllana konpainiaren ikuskizuna. Tilosetan. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.
Otsailak 28
09:00 Diana Hernaniko soinu elkartea
11:30 Kulki. Itsasoko herri kirolak etxeko txikientzat. Atsegindegin.
17:00 Gaztetxoentzako puzgarriak. Zortzi urtetik gorakoentzat. Atsegindegin.
Martxoak 1
18:30 Sardinaren ehorzketa, dultzaina taldearekin.
GOIZUETA
Otsailak 27
Arratsaldean umeen zahagi dantza
18:30 Musika: Garazi Erbitirekin eta Gorka Arraiagorekin
21:30 Mozorro afaria
Otsailak 28 mozorrotzeko gaia herrian: akelarrea
08:00 Mozorroen irteera baserrietara
18:30 musika Garazi Erbiti eta Gorka Arraiagorekin
Illunabarrean mozorroen etorrera herrira.
22:00 mozorroen afaria.
Martxoak 1
10:00 mozorroen irteera herrian zehar
14:00 mozorroen bazkaria
17:00 zahagi dantza
19:00 musika Pantxo Balbuena mexikarrarekin
22:00 mozorroen afaria
Martxoak 5 Kontun eguna
12:30 mozorroen poteoa Igandea txarangarekin
14:00 mozorroen bazkaria
17:30 aurrera Igandea txaranga
ASTIGARRAGA
Otsailak 27
11:30 Iñude eta artzaien konpartsa , eta danborrada. Astigar elkarteak antolatuta. Parte hartzea irekia da. Amaiera Jose Barandiaran plazan: 13:00ak aldera.