Denboraldi bete-betean sartu dira mendi lasterketak ere, dagoeneko; eta Urumea bailarako korrikalariek ez dute hutsik egin. Zenbait lasterketa egin dituzte aurreko asteotan.
Otsailaren 6an, Negu Trail lasterketa (16 kilometro) jokatu zen Berastegin, eta bailarako zazpi korrikalarik hartu zuten parte. Bosgarren sailkatu zen Hodei Lujanbio goizuetarra (1:24:07), podiumetik oso gertu, 20 segundu lehenago iritsi baitzen hirugarrena. Bikain aritu zen Jon Ander Olazabal hernaniarra ere, 28garren (1:34:53), eta berdin bailarako gainerakoak: Josu Artola astigartarra (1:41:29), eta Xabat Pagola (1:41:32), Xabier Barandiaran (1:54:48), Egoitz Peñagarikano (1:56:49) eta Ioritz Luis (2:10:09) hernaniarrak.
Eta joan den asteburuan, Kobaz Koba Trail lasterketan ere aritu zen Xabat Pagola, Zestoan. Proba luzean hartu zuen parte, 26 kilometrokoan; eta maila ederrean aritu zen: 14garren iritsi zen helmugara (2:29:19).
Antzuolan eta Lezon zita, asteburu honetan
Asteburu honetan jarraituko dute mendi lasterketen martxarekin, eta bi probatan ariko dira Urumea bailarako korrikalariak, bihar goizean: Lezo-Jaizkibel (10:00etan), eta Antzuolako Zortzi Miliak (10:30etan). Antzeko distantzia dute bi lasterketek, 14 kilometro ingurukoa.