Oier Arruti eta Gaizka Izagirre podiumean, Gipuzkoako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 19a, 00:00

Uretara aterako da berriro Hernaniko Maialen trainerua, gaur.

Kros txapelketa izan zuten Oiangun, aurreko igandean, eta CD Hernaniko 23 atleta aritu ziren.

Aurreko igandean jokatu zen Ordizian, Oianguko zelaietan, Gipuzkoako Kros Txapelketa. Federatuak zein eskola kirolekoak aritu ziren bertan, eta guztira, CD Hernaniko 23 atletak hartu zuten parte, kategoria ezberdinetan.

Horien artean, nabarmentzekoa izan zen klubeko bi atletak lortu zuten emaitza: podiumera igotzea lortu zuten Oier Arrutik eta Gaizka Izagirrek. Arruti bigarren izan zen, 16 urtez azpikoetan; eta Izagirre hirugarren sailkatu zen, 20 urtez azpikoetan. 

 

Arantzazuko Ama eta Santa Barbara hirugarren, taldeka

Baina haiek ez ziren izan Urumea bailarako bakarrak, podiuma zapaltzen. Izan ere, eskolen arteko taldekako sailkapenean, hirugarren sailkatu zen Arantzazuko Ama, neska infantiletan; eta hirugarren izan zen Hernani BHIko Santa Barbara ere, mutil infantiletan.

Hori horrela, bi taldeak sailkatu dira Euskadiko Kros Txapelketa lehiatzeko. Araban izango da hori, Laudion, otsailaren 27an, igandearekin.

 

Aitor Urkia, Espainiako Txapelketan gaur

Asteburu honetan, berriz, jaurtiketa luzeen Espainiako Txapelketan ariko da Aitor Urkia hernaniarra, maila absolutuan. Salamancan izango da, gaur bertan, eta mailu jaurtiketan hartuko du parte Urkiak. 10 partehartzaileen artean, bosgarren marka onena dauka berak.

Eta Donostian, egun osoko programa izango da Anoetako belodromoan. Izan ere, pista estaliko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da, 20, 18 eta 16 urtez azpikoen kategorietan. Goizeko 10:00etan hasiko dira probak, eguerdiko 13:30ak arte; eta arratsaldeko 16:00etan ekingo diote berriro, 19:30ak arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!