LAB sindikatuak deia luzatu die Gipuzkoako adineko egoitzetako langileei gaurko eta martxoaren 24ko greba egunetara batzeko. Horrekin batera, Gipuzkoako jendarteari eskatu dio «langileen aldarrikapenak babesteko eta elkartasuna adierazteko». Gaur, autokarabana egingo dute Domus VI egoitzatik, 10:00etan. Etzi, berriz, hilaren 16an, manifestazioa izango da 11:00etan, Donostiako Bulebarretik hasita.
Aipatu dutenez, osasun larrialdia dela eta, «jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan». Egoerak, gainera, gainezka egin duela salatu dute.
«Jendarteari eragiten dion auzi soziala da»
Nabarmendu dute hau guztia ez dela langile eta patronalaren arteko «lan gatazka soil bat»; aitzitik, «Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala da». Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa, «urratua» izaten ari dela nabarmendu dute, «eta ezin dugu beste alde batera begiratu».
LAB sindikatuak dioenez, «sektoreko hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dago patronalaren jarreragatik, eta nola ez, irtenbide bat bilatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren borondate faltagatik; izan ere, Aldundiak uzkurtuta jarraitzen du 3 urte baino gehiago luzatzen den gatazkaren aurrean. Langile nahikorik ez egoteak lan-erritmo biziak eta karga fisiko eta psikologiko jasanezina dakar»