Rosa Santos astigartarra hirugarren, Gabirian

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 15a, 00:00

Bolan zein tokan, bietan aritu zen ondo Leandro Miner, Gabirian.

Bailarako 11 bolarik hartu zuten parte bertan, Lehendakari Txapelketa hasteko.

Lehendakari Txapelketari hasiera eman zioten igandean, Gabirian, Urumea bailarako bolariek: bertako 11 lagun aritu ziren, estreinako tiraldian. Eta guztien artean, Rosa Santos astigartarra nabarmendu zen. Hirugarren sailkatu zen emakumezkoetan, 41 brila botata; Aitziber Makazaga irabazleak baino bi gutxiago. Santosek ez du Lehendakari Txapelketaren sailkapen nagusian parte hartuko, ordea. Emakumezkoetan baita ere, zortzigarren izan zen Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, 34 brila botata.

Gizonezkoetan, berriz, bailarako bederatzi bolari aritu ziren, eta Joxe Mari Etxebeste astigartarra eta Leandro Miner ereñotzuarra aritu ziren ondoen. 45 brila bota zituen bakoitzak, eta zortzigarren eta bederatzigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. 16garren sailkatu zen Ibon Miner ereñotzuarra, 43 brilarekin; 25garren Miel Arrozpide hernaniarra, aspaldiko partez bueltan, 41 brilarekin; 32garren Aner Miner ereñotzuar gaztea, 39 brilarekin; 34garren eta 36garren Fermin Zuloaga eta Patxi Loreak hernaniarrak, biak 38 brilarekin; 37garren Fernando Gallego hernaniarra, 37 brilarekin; eta 41garren Mikel Arroio hernaniarra, 35 brilarekin.

Bolan ez ezik, tokan ere aritu ziren Leandro Miner eta Martxeli Kanflanka: 7garren izan zen Miner, 10 jota; eta 28garren Kanflanka, hiru jota. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!