Emaitza gazi-gozoak asteburuan, bailarako taldeek

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 15a, 00:00

Beñat Olivenza zarauztarren aurkako lehian, larunbatean.

Porrotak eta berdinketak izan dira nagusi jardunaldi honetan, Mundarro eta Hernanirentzat. 

Asteburu honetan, denetariko emaitzak izan dituzte bailarako futbol taldeek. Garaipenak, ordea, gutxi izan dira. Talde nagusien artean, Mundarroko Erregional Preferenteko mutilena nagusitu da soilik, Oriokoren kontra 1-0 irabazita. 

Hilabete ondoren, astigartarrek Zarkumendegin jokatu zuten, berriro ere. Sailkapen orokorreko bigarren taldea izan zuten parez pare, Orioko, hain zuzen. Hala ere, partiduaren noranzkoa berehala jarri zen moreen alde. Izan ere, bigarren minutuan, Ion Oiartzunek taldea aurreratu zuen burukada batekin gola sartu ostean. Bigarren erdian ere, martxa bera jarraitu zuen norgehiagokak. Oriotarrek ondo mugitu zuten baloia, baina etxekoek tinko heldu zioten markagailuari, eta gol aukerak ere izan zituzten arren, azkenean, 1-0eko emaitzarekin amaitu zen topaketa.

Mundarroko nesken taldeak, berriz, Erregional Preferentean, baita ere, 5-0 galdu zuen Realaren aurka igoera faseko seigarren jardunaldia. 

 

Garaipenik ez, hernaniarrek

Ez da asteburu erraza izan berdeentzat. Liga Nazionaleko mutilen taldeak 4-1 galdu zuen Beasainen, Manexen gol bakarrarekin. Ohorezko Erregional mailan, berriz, porrotak eta berdinketak izan ziren. Aritz Lujanbiok gidatutako nesken taldeak 1-1eko emaitza izan zuen Lagun Onaken aurka, etxetik kanpo. Norgehiagoka zaila izan zen hernaniarrentzat, azken orduko bajak medio, ez baitzuten lortu Garmendipen gailentzea. Eta mutilen lehenengo taldeak, aldiz, Zarautz izan zuen aurrez aurre, eta 1-2 galdu zuen Zubipen. 

Emaitza horiekin, datorren jardunaldirako, guztiek helburu dute lanean jarraitzea. Liga Nazionaleko taldeak eta neskenak etxean dute hitzordua, larunbatean 16:30etan eta igandean 16:30etan, hurrenez hurren; Ohorezko Erregional mailako mutilenak, larunbatean, Arrasaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!