Finalera sailkatu da Endika Barrenetxea, Eugenio Aranbururi eskainitako jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 15a, 00:00

Omenaldi hunkigarria egin zion Galarretak Eugenio Aranbururi, haren senideak frontoian zirela. Argazkiak: Maialen Andres

Erraz nagusitu zen hernaniarra, Masterreko semifinalean, Aritz Juanenearen kontra (30-14). Baina epaile zenari egin zioten omenaldia izan zen momenturik bereziena, larunbateko jaialdian. Aurreko igandean hil zen Eugenio Aranburu, eta ondo gogoan izan zuen Galarretak.

Oso arratsalde berezia izan zen larunbatekoa, Galarreta frontoian. Master Txapelketaren semifinala zegoen jokoan, Endika Barrenetxearen eta Aritz Juanenearen artean; eta erraz nagusitu zen hernaniarra, finalera sailkatzeko (30-14). Sakearekin asmatu zuen Barrenetxeak, eta ia ez zion aukerarik eman, bere maila onenetik urrun aritu zen saldiastarrari. Aurretik, jaialdia hasteko, partidu ikusgarria eskaini zuten Imanol Ansak eta Iban Larrañagak, eta Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek. Bigarrenak nagusitu ziren azkenean (33-35), baina maila haundiko tantoak jokatu zituzten lau erremontistek, bereziki partiduaren bigarren zatian.

Baina partiduak baino, bi partidu horien artekoa izan zen jaialdiko momenturik bereziena eta hunkigarriena: Eugenio Aranbururi omenaldia eskaini zioten. Aurreko igandean hil zen Galarretako epaile zentrala, eta ondo gogoan zuten guztiek. Bertan izan ziren Eugenioren alarguna eta bi semeak, eta pasillotxoa egin zieten erremontistek, xextoak altxaz. Epaile zenaren argazki haundi bat ere jarri zuten, kantxan berea zen txokoan.

Aritz Eskuderok hartu zuen hitza orduan, Eugenio Aranbururekin batera epaile lanetan aritu denak; eta bertso hunkigarria eskaini zion: 

 

Erremontista bikaina
hintzen kantxa barrenean,
ondoren, berriz, epaile
urte mordoa lanean.
Orain nork esan behar ziguk
ona zein txarra denean,
orain zein eseriko duk
zazpiko koadro parean.
Hitaz oroituko gaituk
txaparen hots bakoitzean
milesker guztiagatik
Galarretan izenean.
Nahiz ta bihotza itzali
ustekabez bapatean,
Eugenio gelditu haiz.
Nahiz ta bihotza itzali
ustekabez bapatean,
bizirik jarraituko duk
pelotaren bihotzean.

 

Ondoren, larrosa sorta bat eskaini zien Xabier Gonzalezek, Oriamendi 2010eko gerenteak, Eugenioren alargunari eta semeei. Eta segidan, krabelin bana utzi zion erremontista bakoitzak Eugeniori, berea zen saskitxoan. Argazkiak, larrosa sortak eta krabelinez betetako saskiak toki berezia izango dute orain, haren etxean. Berriro pasillotxoa eginda agurtu zituzten Eugenioren senideak.

 

Endika Barrenetxea, beste txapel baten bila

Omenaldiaren emozioak airean zeudela ekin zioten semifinalari, Barrenetxeak eta Juaneneak. Eta nahiko trabatua izan zen hasiera. Partiduan sartu ezinik aritu ziren biak, aurreneko tantoetan; eta oso pelotakada gutxirekin, binako berdinketatik 10-2ra egin zuen ihes hernaniarrak. Pixka bat gerturatzea lortu zuen saldiastarrak (11-6), baina aukerarik ez zion eman Barrenetxeak: takada beldurgarriekin, 21-7 eta 27-8 jarri zen markagailuan, eta tanto bakarraren faltan zen 29-9koa egin zuenean. Markagailua pixka bat txukuntzea lortu zuen Juaneneak orduan, bost tanto segidan eginda, baina partidua guztiz erabakita zegoen ordurako, eta 30-14koa izan zen azken emaitza. 25 tanto eginda eta hiru galduta bukatu zuen Barrenetxeak.

Hernaniarrak aitortu zuen, partiduan sartu ezinik aritu zela hasieran: «kosta egin zait, omenaldiak asko hunkitu nauelako, eta kontzentratu ezinik aritu naizelako. Pentsatzen duzu horrelako omenaldi batek ez dizula hainbeste eragingo, baina Aritz Eskuderoren bertsoa barruraino sartu zait, eta Eugenioren emaztea eta semeak ikusteak ikaragarri hunkitu nau. Eugeniorentzat da gaurko partidua».

Edonola ere, egindako lanarekin pozik agertu zen, eta adierazi zuen «egun ona» izan zuela. Horrek konfiantza emango dio finalera begira, eta maila hori bera erakutsi nahiko du, txapela janzteko. Datorren larunbatean izango da final haundia, eta Imanol Ansa urnietarra izango du aurrez aurre. Semifinala jokatu gabe sailkatu da Ansa, Javier Urriza min hartuta dagoelako oraindik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!