LABek grebara batzeko eskatu die adineko egoitzetako langileei

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 14a, 00:00

Greba egingo du LAB sindikatuak Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.

Bi greba egun zehaztu dituzte: otsailaren 16a eta martxoaren 24a. Manifestazioa izango da etzi, Bulebarretik.

LAB sindikatuak deia luzatu die Gipuzkoako adineko egoitzetako langileei otsailaren 16ko eta martxoaren 24ko greba egunetara batzeko. Horrekin batera, Gipuzkoako jendarteari eskatu dio «langileen aldarrikapenak babesteko eta elkartasuna adierazteko». Gaur, auto karabana egingo dute Domus VI egoitzatik, 10:00etan. Etzi, berriz, hilaren 16an, manifestazioa izango da 11:00etan, Donostiako Bulebarretik hasita.  

 

«Jendarteari eragiten dion gatazka soziala da»

Aipatu dutenez, osasun larrialdia dela eta, «jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan». Egoerak, gainera, gainezka egin duela salatu dute: «gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak...». 

Horrekin batera, nabarmendu dute hau guztia ez dela langile eta patronalaren arteko «lan gatazka soil bat»; aitzitik, «Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala da». Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa «urratua» izaten ari dela nabarmendu dute, «eta ezin dugu beste alde batera begiratu». 

Horregatik guztiagatik, «langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan», sindikatuak bi greba egunetarako deia luzatu du otsailaren 16 eta martxoaren 24rako. Egun horietan antolatuko mobilizazioetan eta ekimenetan parte hartzeko deia ere zabaldu dute; «ezinbestekoa izango da guztion inplikazioa egoera irauli nahi badugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!