Herriz herriko eskaintza zabala, 22. edizioko Korrika Kulturalak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 13a, 00:00

Antton Telleriak 'Nekatutak' bakarrizketa eskainiko du ostegunean, Biterin.

Martxoaren 3an, Maite Larburu hernaniarrak 'Amua' antzezlana aurkeztuko du Ximon eta Manex Fuchs anaiekin, Iruñean. Hernanin, berriz, 'Nekatutak' bakarrizketa izango da ostegunean, Biterin. Sarrerak salgai izango dira bihartik aurrera,
5 euroan, AEKn. 

Joan den ostegunean aurkeztu zuten, Derioko Baserri Antzokian, 22. edizioko Korrika Kulturala. Aipatu zutenez, berrikuntzak izango ditu aurtengo edizioak. Izan ere, Asier Amondo Korrikako arduradunak zehaztu zuenez, 22. edizio hau «trantsiziotzat» dute, eta hemendik aurrera Kulturalaren programa garatuko da AEK-k eskainitako kultur sokuntzaren bekaren bueltan. «23. ediziotik aurrera, Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu. AEK-k lan bat sarituko du bi urtetik behin; euskal sortzaile guztientzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute», jakinarazi zuen Amondok. Aurtengo proposamenak jaso dituzte dagoeneko, eta epaimahaiaren esku daude. Apirilean emango dute bekaren irabazlearen berri. 

Edonola ere, bekarena hurrengo Korrikarako gaia da. Hori horrela, aurten, orain arteko dinamikarekin jarraituko dute: «22. edizio honetan, azken urteotan maiz erabili dugun formulari helduko diogu berriro; elkarlanari, alegia», esan zuen Amondok. Hori horrela, Loraldia Festibala izango da, beste behin ere, Korrika Kulturalaren bidelagun. Oraingo edizio honetan, Hautsi da Anphora ikuskizuna aurkeztuko dute. Ruper Ordorikaren azken proiektua da, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldearekin elkarlanean egina. Astearteko prentsaurrekoan, Amaia Ocerin Loraldia Festibaleko ordezkaria ere egon zen, eta, aurreratu zuenez, Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahalko da Hautsi da Anphora: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Oreretan.

 

Hernanin, datorren astean hasiko da Korrika Kulturala

Hernaniko AEK-k datorren astean emango dio hasiera Hernaniko Korrika kulturalari. Otsailaren 17an, Nekatutak bakarrizketa eskainiko du Antton Telleriak, Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 5 euroan, AEKn. Hauxe da sarrerak lortzeko ordutegia: astelehenetik asteazkenera 09:30etatik 12:30etara eta, arratsaldez, 16:30etik 18:00etara. Ostegunean, aldiz, 09:30etik 12:30etara. Horrez gain, ikuskizuna baino ordubete lehenago ere eskuratu ahal izango dira, sarrerarik badago oraindik.

 
Bailarako artistak, Korrika Kulturalean

Korrika Kulturalean parte hartuko dute Urumea bailarako artistek. Hain zuzen, Maite Larburu hernaniarrak martxoaren 3an du hitzordua, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan, Iruñean. Ximon eta Manex Fuchs anaiekin batera, oholtza gainerako igoko da Amua antzerkia aurkeztera.

Era berean, bestelako sorkuntza-lanak sustatu eta hainbat herritara eramaten lagunduko du Korrika Kulturalak: besteak beste, eRRe ikuskizuna (Lanku kultur zerbitzuen eskutik); eta Antigone edo ezetzaren beharra, Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea. Azken hori aurkeztu zuen Xanti Agirrezabala aktoreak joan den urtean, Biterin. Agenda osoa kontsulta daiteke korrika.eus webgunean.  

 

Herriz herriko 'menua' osatzeko katalogoa

Aurtengo edizioko aurkezpena amaitzeko, Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunak honako hauxe aipatu zuen: «Korrika Kulturala jaio zen AEK-k Euskal Herriari Korrikaren alde egindako lana eskertzeko, kalitate haundiko kultur eskaintza zabala bueltan emanez». Hari beretik, herriz herri antolatzen diren ekitaldiak ere eraman nahi dituzte Kulturalen agendara. «Harago joan nahi izan dugu aurten», azaldu zuen Amondok; «Korrikaren webgunean Menua izeneko baliabidea txertatu dugu, hau da, 22. Korrika kulturalaren baitan antola daitezkeen ekintzen katalogoa, udalerri guztiei irekia».

Herriz herriko menuaren informazio guztia korrika.eus webgunean topa daiteke, Kulturala atalean. Webguneak Korrika Kulturalaren aterkian programatuko diren ekitaldi guztien berri ere jasoko du Agenda atalean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!