Joan den ostegunean bildu zen LABI eta honakoa erabaki zuten: Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaile guztiak kentzea eta larrialdi egoera indargabetzea, etzitik aurrera. Horrenbestez, oraingoz, kirol ekitaldien aforoek eta musukoa barruan erabiltzeko derrigortasunak jarraituko dute indarrean, hauek Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren eskumena baitira.
Hau kontutan izanik, ondoriozta daiteke Euskal Autonomia Erkidegoak osasun larrialdian egoteari utzi diola, horrela, herritarrek bizitza normalizatuago bat berreskuratuko dute, orain arteko neurri murriztaileak atzean utzita. Bertan behera geldituko diren neurrietako batzuk izango dira, kultura, gizarte eta merkataritza jardueren itxiera 01:00etan, % 60 aforo orokorra, barran kontsumitzeko debekua eta hamar pertsona arteko taldeen muga. Etxeko txikientzat ere, « berri onak» helarazi zituen ostegunean LABIk, izan ere, musukoa ez da derrigorrezkoa EAEko ikastetxeetako jolastokietan.
Halaber, txertorik jaso ez duten pertsonen artean ospitaleratzeko arriskua laukoizten dela behin eta berriz errepikatu zuen osteguneko batzarrean Iñigo Urkullu lehendakariak: «ospitalean bukatzeko lau aldiz arrisku haundiago dute txertorik jaso ez dutenek».
Horrez gain, zinemetan edo kirol instalazioetan edari eta janari kontsumoaren araua atzo eman zen aditzera, baina gaur argitaratuko da EAEko Aldizkari
Ofizialean.
Covid ziurtagiria ez da beharrezkoa, Nafarroan
Orain arte, Nafarroako tabernetan, jatetxeetan, hoteletan, eta bestelako hainbat establezimenduetan beharrezkoa zen sartzeko Covid ziurtagiria. Baina astelehenetik aurrera ez da beharrezkoa izango «beste garai epidemiologiko batean baikaude» ziurtatu zuen Santos Indurain Osasun kontseilariak.
Ostatuei eragiten dieten neurriak ere ohiko legedira itzuliko dira, eta horrek esan nahi du, aurrerantzean ez dela ordutegi mugarik izango gaueko aisialdian:
«barran kontsumitu ahal izango da», eta mahai berean hamar lagun baino gehiago biltzeko debekua bertan behera geldituko da.