Zabalik dago Elkar fundazioaren ilustrazio eta ipuin lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

Alai Zubimendi 'Gaueko' komiki dendan, Elkarren ilustrazio eta ipuin lehiaketa iragartzen duen kartelarekin.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 13ra artekoa da. Gainera, bigarren kategoriarako Alai Zubimendik sortutako ilustrazio bat aukeratu dute. 

Dagoeneko abiatu du Elkar fundazioak aurtengo ilustrazio eta ipuin lehiaketarako deialdia. Hamalaugarren edizioa izango da aurtengoa, eta asmoa da umeen eta gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea: «sormen gaitasuna hauspotze aldera». 

Pasa den urtean «maila altuko lanak» izan zirela ziurtatu dute antolatzaileek, eta horri eusteko asmotan, 2022garren edizioa hiru  kategoriatan sailkatu dute, hala nola, ipuinen ilustrazioa, ilustrazioa ipuin bihurtzea, eta komikia edo biñeta sortzea. 

Gazteenek, Hiru lehoi ipuina irakurri beharko dute, eta irakurketa horretan oinarrituta, kontakizuna irudikatzen duen ilustrazio bat sortzea izango da haien eginbeharra. Aldiz, bigarren kategorian, Elkar Fundazioak Alai Zubimendi hernaniarrak sortutako ilustrazio bat aukeratu du, eta irudi horretatik abiatuz, ipuin bat sortu beharko dute. Ilustratzaile hernaniarra pozik agertu da, eta dio «gogoz» dagoela emaitzak ikusteko. 

Hirugarren kategorian, ostera, komiki edo biñeta bat sortzea izango da helburua: «aurtengo ilustrazio ataleko gaia euskal pertsonaia baten biografia edo bere bizitzako pasarte jakin bat kontatzea izango da». Adierazi dute, hortik abiatuta «askatasunez eta nahieran» egin dezaketela komikia partehartzaileek. 

Sari ugari, irabazleentzat

Parte hartzeko asmoa duenak, oraindik denbora dauka, izan ere, apirilaren 13ra artekoa da lanak aurkezteko epea. Irabazleek hainbat sari jasoko dituzte: lehen multzokoek jolas hezitzaileen sorta bat eta Elkarreko opari txartela; bigarren eta hirugarren taldekoek, berriz, produktu berberak, eta tablet bat. Parte hartuko duten ikastetxeentzat ere bi sari zozketatuko dituzte, eta baita Irrien Lagunen klubaren saria ere: lehenengoak ikasgela osoa sarituko du; bigarren saria, berriz, Irrien Lagunen ikuskizun bat izango da, ikastetxe irabazlean egingo dena». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!