Hernani-Zarautz Zubipen, eta Mundarro-Orioko Zarkumendegin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

Ohorezko Erregional mailako talde hernaniarrak 16:30etan aurkari zuzen baten aurka jokatuko du eta Mundarrok 16:00etan hasiko du partidua.

Aurreko asteko derbien ondoren, Hernanik eta Mundarrok partidu ugari jokatuko dituzte asteburu honetan hainbat mailetan. Talde nagusiei dagokionez, Mundarroko mutilek Oriokoren aurka ariko dira Zarkumendegin 16:00etatik aurrera. Partidu zaila izango dute aurretik moreek, talde oria denboraldi bikaina ari baita osatzen Preferentean eta bigarren postuan daude sailkapenean igoerari begira. Hala ere, Mundarrok garaipena beharrezkoa du urduritasuna aldentzeko.

Hernanik, Ohorezko Erregional mailan, Zarautz izango du aurkari Zubipen gaur 16:30etan. Hernani eta Zarautz bata bestearen atzean dira sailkapenean eta beraz aurkari zuzena da. Berdeek azken hiru partiduetan ez dute garaipena lortu eta horri buelta eman nahi diote.

 

Neskek, etxetik kanpo

Hernaniko neskak, asteartean Ostadarri 2-0 irabazi eta gero, Azpeitin Lagun Onak taldearen aurka neurtuko ditu indarrak gaur 15:30etatik aurrera, Ohorezko Erregional mailan. Igoera lortzeko puntuek ezin dute ihes egin eta beraz asko dago jokoan. Laugarren postuan daude hernaniarrak.

Bestetik, Preferentean, Mundarrok Zubietan jokatuko du gaur, 18:30etan, Realaren aurka. Txuriurdinak liderrak dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!