Aldaketak gaurtik, maskarillaren erabileran

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 10a, 00:00

Zenbait herritar kalean, hizketan, maskarillarekin.

Aire zabalean, ekitaldi jendetsuetan soilik jantzi beharko da. Jende pilaketak daudenean ere jazteko gomendioa luzatu dute.

Lurralde arteko Osasun Kontseiluak ezohiko bilera egin zuen astearte goizean, eta Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoek adostu zuten, oro har, maskarilla derrigorrezkoa ez izatea aire zabalean. 
Erabakia gaur sartuko da indarrean, eta, gaurtik, beraz, maskarillaren erabilera nahitaezkoa izango da soilik ekitaldi jendetsuetan, jendea zutik egongo bada, eta eserita egon arren, 1,5 metroko distantzia mantendu ezin denean. Hala ere, jende pilaketak daudenean, janzteko gomendioa ere luzatu dute. 
 
Nafarroan, ziurtagiria ez da beharrezkoa izanen
Nafarroako Gobernua atzo bildu zen orain indarrean dauden osasun neurriei buruz erabakiak hartzeko, eta adostutakoak aldaketa ekarriko du asteartetik aitzinera: ostalaritzako eta gaueko aisialdiko lokaletako neurriak alde batera utzita, ohiko baldintzak eta ordutegiak berreskuratu dituzte, eta Covid ziurtagiriak derrigorrezkoa izateari utziko dio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!