Etzi, ostiralean, bukatuko da Laburbira film laburren zirkuitua antolatzeko epea

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 9a, 00:00
Iban del Campok zuzendutako 'Serendipia' film laburra.

XIX. edizioa beteko du Laburbirak. Aurtengora 19 lan aurkeztu dira, eta, horietatik, 9 film hautatu dira herriz herri proiektatzeko.  

Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, XIX. edizioa beteko du 2022an Laburbirak, euskeraz ekoitzitako film laburren zirkuituak. Aurtengo ediziora 19 lan aurkeztu dira eta, horietatik, 9 film hautatu dira herriz herri proiektatzeko. Hauexek izan dira ikusgai egongo direnak: Serendipia, Itsasontziaren mugimendua, Lanbroa, Falta zaizuna, Hurrengo geltokia, Rewind, Turnoka, Subandilla eta Itsaso

Aukeraketa prozesu hori egin da kontuan hartuta lurraldetasuna, genero berdintasuna eta lanen maila, «80 minututako film-labur sorta ikusgarria osatzeko eta ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaintzeko asmoz».

 

Izena emateko azken egunak

Euskal Herri osoan ekoitzitako film laburren sorta hori otsailaren 25etik martxoaren 27a bitartean egongo da ikusgai hainbat herritako zinema aretoetan, eta zirkuitoa antolatzeko epea ostiral honetan bukatuko da, etzi. Izan ere, Laburbira edozein herritan antolatu daiteke, eta elkarte zein Udalen izen-ematea zabalik dago webgunean otsailaren 11ra arte. Bertan aukeratu dezakete, aipatutako epearen barruan, zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia beren herrietan. Horrez gain, sortzaileen eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotu asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere badago proiekzioaren barruan.

Beraz, bere udalerrian emanaldia antolatu nahi duten Udalek edota elkarteek azken egunak dituzte zirkuituan izena emateko. Interesa dutenek, horretarako aukera dute esteka honetan: https://irudienea.topagunea.eus/. Kasu guztietan, eskatzailearen ardura izango da lortzea pantaila, proiektorea eta artxibo irakurgailua edo ordenagailua. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!