Abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina abiatu dute Nafarroako mendialdeko euskara zerbitzuek

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 9a, 00:00

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin (UEMA) elkarlanean, 'Euskaraz naiz' lelopean, LAGA zerbitzuek deialdia luzatu diete herritarrei. 

Nafarroako mendialdeko euskara zerbitzuek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin (UEMA) batera, martxan jarri dute abizenak euskal grafiarekin jartzeko kanpaina. Euskaraz naiz leloarekin, herritarrak animatu dituzte abizenak «zuzentzeko» urratsa ematera. «Irazoqui, Urquiola, Goicoechea, Echenique, Echeverria… Zure abizena horietako bat da? Zenbat aldiz pentsatu duzu abizena euskaratu beharko zenukeela?». 

Adierazi dutenez, «bereziki», deia egiten diete guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei. «Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie», aipatu dute. 

 

Zer egin behar da abizenak euskal grafiaz paratzeko?

Zehazki, hiru urrats eman behar dira. Lehenik, norberaren bizilekuko Erregistro Zibil edo Bake Epaitegira joan behar da, eta abizenak euskeraz jarri nahi direla esan behar da. Bigarrenik, hainbat dokumentu aurkeztu behar dira aipatutako instituzioetan: NAN originala edo haren fotokopia (gurasoen NANaren fotokopia, adinez nagusia ez bazara; seme-alaben NANaren fotokopia, 16 urtetik gorako seme-alabak baldin badituzu); hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria, bizi zaren herri berean inskribatuta ez baldin bazaude; errolda-agiria (adinez nagusia ez baldin bada, gurasoena ere bai); eta, azkenik, familia-liburua eta haren fotokopia (ezkonduta baldin bazaude edo/eta seme-alabarik baldin baduzu).  

Amaitzeko, deskribatutako tramitazio hori guztia bukatu ondoren, NANa eta gainerako dokumentazioa berritu ahalko da. Hala ere, mankomunitateko kideek azpimarratu dute izena aldatzeko urratsak beste batzuk direla. Alegia, prozesu honek abizenak aldatzeko bakarrik balio du. 

Nola idazten da zure abizena euskeraz?

Normalean, abizena aldatzeko eskaera egiten den bake epaitegiko edo erregistro zibileko arduradunak Euskaltzaindiak onartutako zerrendan eginen du kontsulta, eta horko irizpideei jarraituko die. Nolanahi ere, ez da beti horrela izaten: «adibidez, Euskaltzaindiaren zerrendan Muxika agertzen da, baina zenbait kasutan hainbat forma onartu izan dira (Mujika, adibidez)», ohartarazi dute. Horrenbestez, hori aintzat hartzea komeni da. 

Bestelakoan, zalantza izanez gero, norberak Euskaltzaindian bertan egin dezake kontsulta. Webgunean sartuz gero (www.euskaltzaindia.eus), hizkuntza baliabideen atalean klikatu eta deituren atalera jo behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!