22. Korrikako bigarren batzordea aste honetan, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 8a, 00:00

Astigarragan, gaur izango da, 19:00etan, kultur etxe zaharrean. Hernanin, etzi, AEKn, ordu berean. 

Korrika urtea da aurtengoa, eta 22. edizioak Amurrion hasiko du ibilbidea, martxoaren 31n, arratsaldeko 16:30etan. Lekukoak Euskal Herriko herri guztietatik barrena egingo du ibilbidea, eta, noski, Urumea bailaratik ere pasako da. Astigarragara apirilaren 10ean iritsiko da, goizeko 06:19 aldera. Hernanira, berriz, beraduxeago, 06:49etan. Azken geldialdia Donostian izango da, apirilaren 10ean, 12:30etan. 

Prestakuntza-lanetan AEKri laguntza emate aldera edo, bestela, 22. Korrikan parte hartzeko, batzordeak antolatu dituzte AEK-ko kideek. Astigarragan, gaur izango da, arratsaldeko 19:00etan, kultur etxe zaharrean. Hernanin, berriz, etzi jarri dute hitzordua. AEKn egingo dute bilera, 19:00etan hasita.  

Lehengo batzordean hitz egindakoaren bueltan, AEK-ko lantaldeak eskerrak eman dizkie bertaratutakoei, eta, horrekin batera, datozen hitzorduetan parte hartzeko gonbita luzatu diete. «Guztion beharra dugu denon gustuko ekimen indartsuak eta gogoangarriak aurrera eramateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!