Martxan jarri da Euronet 50/50 proiektua, aurtengo ikasturtean ere, energia aurrezteko helburuz

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 8a, 00:00

Txirrita Herri Eskolako ikasleak, Euronet 50/50 proiektuan.

Laugarren edizioa da aurtengoa, eta parte-hartzaileak dira Urumea Ikastola eta Ereñotzuko Txirrita Herri Eskola , eta ikasleak Lehen Hezkuntzako guztiak, lehenengo mailatik hasi eta seigarren mailara arte.

Laugarren urtez, Urumea Ikastolako eta Txirrita Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleek abian jarri dute Euronet 50/50, eskoletan energia aurrezteko programa. 

2021-2022ko ikaturtearen hasieran, Urumean eta Txirritan, talde energetikoa sortu zuten ikasleen zein irakasleen ordazkariek. Talde horrek, Hernaniko udaleko energia teknikariarekin eta Artelatz enpresako ingurumen hezkuntzako teknikariarekin batera, ikastetxe bakoitzeko ibilaldi energetikoa egin zuen ikasturteko lehenengo hiruhilekoan. Aldi berean, proiektua identifikatuko duen maskota sortu eta Bonbi izena ere jarri zioten.

Ikastetxeetan egindako energia ibilbide hori hainbat gune aztertuz egin zuten; besteak beste, ikasgelak, irakasle gelak, jangela eta galdara gela bisitatu zituzten. Helburua, hain zuzen ere, izan zen energia kontsumo puntuak antzematea eta argi eta berogailuen funtzionamendua ezagutzea.

Era berean, ibilaldiak iraun bitartean eta, horren ondoren, datu bilketa egin zuten hainbat aparatu erabilita: ipar-orratza, termometroa, luxometroa, karbono dioxido neurgailua, kamara termografikoa eta kontsumo neurgailua. Ikasleek, gainera, aztertu zituzten energia kontsumo, bero galerak eta beraien ohiturak. Amaitzeko, ziurtatzeko argiak eta aparatu elektrikoak itzaltzen direla erabiltzen ez direnean, ikasleek pegatinak jarri zituzten argi etengailuetan.

 

Hurrengo urratsak

Proiektuarekin jarraitzek, lau lan saio egingo dira ikasleekin. Hurrengo biak ikasturteko hiruhileko honetan. Jolasaren bidez energi iturrien berri izango dute, eta bakoitzaren abantailak eta desabantailak aztertuko dituzte. Adierazi dutenez, «ikasleek argi izan behar dute ikastetxea argiztatzea eta berotzea gastu handia dela, eta denon artean zerbait egin dezakegula». Hori da, hain justu, aurreko bi ikasturtetan antzemandakoa, eta, beraz, aurten horretan sakondu nahi da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!