Zuloaga-Arroio eta Santos-Makazaga hirugarren, Benta Berriko finalean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 8a, 00:00
Elena Aldaz, Egoitz Berasategi, Jokin Izagirre eta Goretti Beloki, txapelekin.

Bailarako lau bikote aritu ziren igandean Hernanin, Floridako bolatokian, Gipuzkoako Binakakoaren finalean.

Igandean jokatu zen Gipuzkoako Bikotekako Txapelketaren finala, Hernanin, Benta Berriko bolatokian, Floridan. Eta bertan izan ziren Urumea bailarako lau bikote ere, txapela janzteko lehian. Eta maila ederrean aritu ziren bi bikote: Femin Zuloaga eta Mikel Arroio hernaniarrek osatutakoa, eta Rosa Santos astigartarrak Zeraingo Miren Makazagarekin osatu duena. Hirugarren sailkatu ziren biak, gizonezkoetan eta emakumezkoetan.

Bi zati izan zituen igandeko jardunaldi erabakigarriak. Finalaurrekoa jokatu zuten aurrena, bakoitzak sei tiraldi eginda; eta bikote onenek egin zuten aurrera, final haundia jokatzeko, beste zortzi tiraldirekin. Emakumezkoetan, lau bikote aritu ziren igandean, eta bi onenek egin zuten aurrera. Primeran aritu zen Rosa Santos astigartarra, 34 brila botata (bigarren onena izan zen); baina gutxixeago bota zituen Makazagak (25). Horrela, aurreneko bi postuetatik kanpo geratu ziren, gutxigatik: 59 bota zituzten bien artean, eta 62 eta 61 lortu zituzten aurreneko bi bikoteek. Azkenean, Zarautzera joan ziren txapelak: Elena Aldaz eta Goretti Beloki nagusitu ziren (64), Garbiñe Alustizaren eta Aitziber Makazagaren aurretik (63).

Gizonezkoetan, berriz, 10 bikote aritu ziren, eta lau onenek egin zuten aurrera. Bailarako hiru bikotek ekin zioten: Fermin Zuloaga eta Mikel Arroio hernaniarrek, Antonio Miner eta Ibon Miner ereñotzuarrek; eta Patxi Loreak eta Fernando Gallego hernaniarrek. Joxe Mari Etxebeste astigartarraren ordez aritu zen Antonio Miner, Ibon semearekin. Ederki aritu ziren Zuloaga eta Arroio, etxeko bolatokian; eta 58 brila botata, laugarren izan ziren, final haundira sailkatzeko. Miner aita-semeak, berriz, zortzigarren sailkatu ziren, 50 brila botata; eta 10garren izan ziren Loreak eta Gallego, 48 brilarekin. 

Final haundian, are hobeto aritu ziren Zuloaga eta Arroio, 73 brilarekin; eta postu bat egin zuten gora, hirugarren bukatzeko. Eta emakumezkoetan bezala, ezin estuagoa izan zen lehia, aurreneko bien artean: 87 brilarekin izan ziren txapeldun Egoitz Berasategi eta Jokin Izagirre segurarrak, eta 86 brilarekin bigarren Itoitz Alustiza eta Patxi Arrondo. Xeferino Agirre eta Imanol Agirre izan ziren laugarren, 66 brilarekin.

 

Lehendakari Txapelketa martxan, datorren igandean

Orain, Lehendakari Txapelketari ekingo diote bolariek, lau tiraldirekin. Datorren igandean jokatuko dute estreinako jardunaldia, Gabirian. Añorgan izango dute bigarrena, otsailaren 20an; eta Seguran eta Ategorrietan azkeneko biak, martxoaren 6an eta 13an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!