Euskaraldiak parte hartzaileen hizkuntza portaerei eragin diela nabarmendu du Siadecok

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 7a, 00:00
2020eko ekimenean parte hartu zuten zenbait talde eta alderdi politikoen ordezkariak, Udaleko kideak eta Euskaraldiaren arduraduna.

2020eko Euskaraldiak izan zuen eragina aztertu dute: «bai herritarren artean eta baita parte hartu zuten entitateek sortutako ariguneetan ere».

Duela bi urte Euskaraldiaren bigarren edizioa egin zen, 2020garren urtean, hain zuzen ere. Aurreko ariketan bezala, azken honetan, ikerketa sakona egin dute, eta ikerketa hauen emaitzak aurkeztu zituzten otsaileko lehen astean Bilbon, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetarako kontseilaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Horrez gain, Siadeco ikerketa elkarteko Lide Rekondo hernaniarra eta Unai Oiartzun teknikariak ere bazeuden, azterketaren egileek ezin zutelako hutsik egin. 

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren enkarguz, Siadecok eta Ipar Euskal Herrian Euskararen Erakunde Publikoak aztertu dituzte Euskaraldiak izan duen eragina, «bai herritarren artean, baita parte hartu zuten entitateek sortutako ariguneetan ere». 

Euskaraldiaren antolatzaileek nabarmendu dute, lehen ediziotik oso argi dutela «ekimena ariketa sozial berritzailea dela eta horregatik garrantzi berezia eman zaio orain arte egin diren bi edizioen eragina ikertzeari». 

Siadeco ikerketa elkarteko Lide Rekondok eta Unai Oiartzunek ikerketa hiru ildotan banatu dute. Lehenengoa Euskal Herri mailan Euskaraldian izena eman behar dutenei buruzko azterketa egin dute, norbanakoena eta entitateena: «horretarako Euskaraldiko datu-baseetatik abiatuta, parte hartzaileen azterketa egin dugu» diote. Bigarren ikerketa ildoan parte hartzaileen, norbanakoen zein entitateen, jardunari eta jardun horren eraginari buruzko ikerketa egin dute: «horretarako teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabili ditugu». Hirugarren ikerketa ildoan, berriz, batzordeen eta prozesuen azterketa burutu dute, «350 batzordetara inkesta bidaliz, 225 informazio unitate lortuz, eta 25 batzorderekin elkarrizketa sakonak eginez». 

Hau guztia kontutan hartuz, Siadecok datu eta joera ugari agerrarazi zituen aurkezpenean: «178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena: 2018an baino gutxiago izan dira». Izen emate jaitsiera horretan pandemiak izandako eragina nabarmendu dute koordinazioko mahai kideek. Hala ere «bost parte hartzailetik batek lehen aldiz eman du izena ariketan, eta belarriprest artean, lehen aldiz izena eman dutenak gehiago izan dira». 

Ikerketa honek, ariketaren inguruko joera asko azaleratu ditu: «erakutsi ditu, besteak beste, zenbat eta euskaldunagoa izan ingurua, orduan eta altuagoa dela ahobizien kopurua». Gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa da belarripresten proportzioa. Eta nabarmendu dute, lehen edizioan gertatu zen bezala, ahobizi nabarmen gehiago izan zirela belarriprest baino. Aditzera eman dute, gainera, 2020an emakumezkoak izan zirela parte hartzaileen bi heren, eta adin tarten arabera, 30-44 urte artekoena nagusitu omen zen. 

 

«Euskeraren erabilera haunditzea» helburu 

Siadeco ikerketa elkarteko kideen ustez, parte hartzaile gehienek euskeraren erabilera haunditzea izan dute helburua: «eta belarripresten artean pisu haundiagoa du euskeraz egiteko aukera berriak bilatzeak». 

Halaber, Rekondok eta Oiartzunek diote ahobizi eta belarriprest rolaren hautaketa, oraindik hizkuntza-gaitasunarekin lotzea presente dagoela: «baina hizkuntza-jokabidearen aldeko hautua ageriagoa da belarriprest rola hautatu dutenen artean».  Aurrerapausorik haundiena kalean eman dela ziurtatu du Siadecok, «nahiz eta bi rolentzat bertan izan den zailena rolen konpromisoak betetzea». Dena den, lehen pausoa ematea lortu da, eta «tinkoago» eutsi zaio. 

 

Ariguneetatik kanpo ere euskeraz 

Entitateetan ariketa lehen adiz egin zen 2020garren urtean, eta horrek ariguneetan ariketa modu kolektiboan egiteko aukera eman zien herritarrei. Eta hori horrela, 8.309 egoitzak eman zuten izena 2020ko edizioan, eta haiek 24.363 arigune sortu zituzten Euskal Herri osoan. 

Ikerketak azaleratu duenez, kanpo arigunea sortzea errazagoa iruditu zaie entitateetako kideei. Eta ondorioztatu dute, euskeraren aldeko konpromisoa adierazteak pisu haundia ekarri duela entitateetan, ariguneak sortzeko arrazoien artean, erabilera haunditzeak baino gehiago. Eraginik haundiena ariguneetako kideen artean antzematen da: «erabilera-mailarik haundiena gainontzeko harremanetan ere islatu da: arigunetatik kanpoko entitateko kideekin zein entitatekoak ez direnekin». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!