Santa Ageda bezperako ohitura, etenik gabeko haria Urumean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 5a, 00:00
Koadrila ederra elkartu zen EreƱotzun, bailara osoan zehar kantuan aritzeko.

Bailarako herritar askok ospatu zuten atzo egun seinalatua, taldean elkartu eta kantuan arituta.

Ez zioten ohiturari hutsik egin atzokoan, Urumea bailarako herritarrek. Eta ohi bezala, Santa Ageda bezperan, aterik ate oles egiteko elkartu ziren taldean, baita koadrila ederrak elkartu ere. Ereñotzun jarri zuten hitzordu goiztiarrena, arratsaldeko 16:00etan; eta 30 bat lagun elkartu ziren, giro bikainean, Pagoagatik hasi eta Larre Gainerainoko bidea osatzeko, etxez etxe eta baserriz baserri kantatuz, afari eder batekin borobiltzeko.

Hernanin, berriz, hainbat adar izan zituen Santa Ageda bezperak. Santa eskean atera ziren Ohitura Zaharrak taldea, Kantuz abesbatza, Goiz Eguzki abesbatza eta Hernani Musika Eskolako abesbatza, bakoitza bere ibilbidea eginez; eta ekitaldi bereziarekin bukatu zuten kale buelta, guztiek elkarrekin, pandemiaren aurreko ekimena berreskuratuz: Plazan elkartu, eta batera abestu zuten denek.

Ekitaldi polita egin zuten Hernaniko Plazan, talde guztiak elkartuta.

 

Txirrita eskolakoak, bihar

Ereñotzun, entzungo da Santa Ageda bezperako koplarik, oraindik ere. Izan ere, biharko jarri dute hitzordua Txirrita eskolako gurasoek eta haurrek, goizeko 09:30etan, santa eskean ateratzeko. Eskolako patioan elkartu, eta entsaioa eta taldeko argazkia egin ondoren, Pagoagara joango dira, etxez etxeko ibilbideari hasiera emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!