Ohitura zaharra hiru bider berrituko dute gaur aterik ate, oles egiteko hitzorduarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 4a, 00:00
Bailara osoan zehar ibiliko dira ereƱotzuarrak, santa eskean.

Santa Ageda bezpera ospatzeko zita jarri dute Ereñotzun, 16:00etan Ur Mia elkartean; eta Hernanin, 17:45etan Milagrosan.

Hitzordu seinalatua daukate gaur bailarako herritarrek, ohitura zaharrekin. Santa Ageda bezpera da, «etxe guztiak kantuz pozteko» aukeratutako eguna. Eta asmo horrekin jarri dute zita bana gaur arratsaldean, Ereñotzun eta Hernanin.

Arratsaldeko 16:00etan elkartuko da Ereñotzuko taldea, Ur Mia elkartean. Bertatik abiatuta, bailara osoan zehar ibiliko dira, eta Larre Gainen bukatuko dute, bertan afaria eginda.

Hernanin, berriz, hainbat talde aterako dira kalera, Santa Ageda bezpera ospatzera. Berezia izango da eguna, Ohitura Zaharrak taldearentzat, 60 urte beteko baitira aurten, aurrenekoz santa eskean atera zirenetik. Milagrosan jarri dute hitzordua, arratsaldeko 17:45etan; eta herritar guztiei luzatu diete gonbitea, bat egiteko.

 

Talde guztiak Hernaniko Plazan elkarrekin, 19:00etan

Beste hiru abesbatza ere aterako dira kalera, gaurko egunez: Kantuz, Goiz Eguzki, eta Hernani Musika Eskolako abesbatza. Bere kale buelta egingo du bakoitzak, baina arratsaldeko 19:00etan, Plazan elkartuko dira, Ohitura Zaharrak abesbatzarekin eta Hernaniko Bertso Eskolarekin; eta ekitaldi bateratua egingo dute: elkarrekin kantatuko dute bertan. Pandemiaren aurretik egin zuten aurrenekoz, eta bi urteko etenaldiaren ondoren, berreskuratu egin nahi dute. Horregatik, herritar guztiak animatu dituzte, Plazara azaldu eta beraiekin batera abestera.

Baina helduek bakarrik ez, gaztetxoek ere ospatuko dute Santa Ageda bezpera. Eta Urumea ikastolan, esaterako, ikastetxeko gune ezberdinetan abestuko diete LH3 (10:20etan) eta LH4 (10:45etan) mailetakoek, gainerako ikasleei: aterpean, parkean, jolastokian...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!