Covid ziurtagiriaren erabilera luzatzea baztertuta, EAEn

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 2a, 00:00

Kontzertu aretoetan, kirol instalazioetan eta ospitaleetan ez da ziurtagiririk behar

Hala ere, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak abenduan izenpetutako agindua ez dute kendu, beraz, jatetxe haundietan eta
gaueko aisian, besteak beste, «ziurtagiria eskatu beharko da». 

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du covid ziurtagiri digitalaren indarraldia beste bi astez luzatzeko eskaera. Izan ere, auzitegiaren ustez, Jaurlaritzak «ez du behar bezala justifikatu kutsatzeak saihesteko ziurtagiriak duen eraginkortasuna».

Honek guztiak, hala ere, ez du esan nahi Euskal Autonomia Erkidegoan ez dela Covid ziurtagiririk eskatuko. Izan ere, abenduan Gotzone Sagardui Osasun
sailburuak izenpetutako agindua oraindik indarrean dago, eta, beraz, EAEn, 50 jankidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian «nahitaezkoa izango da ziurtagiria erakustea»

Aldiz, ez da ziurtagiririk beharko hainbat lekuetan, hala nola, kontzertu aretoetan, kiroldegi eta gimnasioetan, kirol instalazio txikietan eta ospitaleetan.
Horrez gain, hoteletan, ostatu turistikoetan eta joko-aretoetan ere ez da ziurtagiririk beharko Auzitegi Nagusiak uko egin baitio establezimendu horietara zabaltzeko eskaerari.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak «zentzugabetzat» jo zuen atzo hartutako erabaki hau, eta aipatu zuen erabakia onartu badu ere, ez duela adostutakoarekin
bat egiten. Ez du «zentzuzkoa» ikusten ostalaritzan, gimnasioetan, ospitaleetan, adinekoen egoitzetan eta kartzeletan ziurtagiriaren erabilera errefusatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!