Hernaniko neskek Tolosan irabazi, goiko postuetan mantentzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 00:00
Partidu aldrebesa izan zen Hernaniko mutilentzat, Euskaldunaren kontrakoa.

Mundarrokoek, berriz, aurreneko porrota jaso zuen Preferentean, igoera fasean, Elgoibarren zelaian.

Ez da asteburu onena izan, Urumea bailarako futbol taldeentzat, dena emaitza txarrak izan ez diren arren. Pozgarriena, Hernaniko nesken garaipena izan da, Ohorezko Erregional mailan. Berdeak 1-2 nagusitu ziren Tolosan, eta horrekin, goiko postuetan mantentzea lortu dute, igoeraren lehiara bueltatzeko esperantzarekin. Bosgarren dira sailkapenean, une honetan, 32 punturekin; eta bost puntura daukate Oiartzun, bigarrena.

Ohorezko Erregionaleko mutilek, berriz, ezin izan zituzten hiru puntuak eskuratu, etxean jokatu zuten partiduan. Euskalduna hartu zuten Zubipen, ligako azkeneko sailkatua; baina 1-1 berdindu zuten, irabazi beharreko partidua. Beste bi puntu garrantzitsuk egin zioten ihes Hernaniri, eta horrekin batera igoeraren lehian sartzeko azkeneko aukerei ere. Une honetan, zazpigarren daude sailkapenean, 26 punturekin; eta oso urruti dauzkate aurreneko biak: Touring 40 punturekin, eta Eibar 38rekin.

Aurreneko porrota 
Mundarrok, igoera fasean

Ez da asteburu ona izan Mundarrorentzat ere, aurreneko porrota jaso baitu igoera fasean, nesken Erregional Preferentean. Moreek 2-0 galdu zuten Elgoibarren zelaian, eta laugarren postura jaitsi dira, Elgoibarrek berak eta Antiguokok aurrea hartuta. Edonola ere, egoera onean jarraitzen du Mundarrok, igoera lehiatzeko. Erregulartasunari eustea izango da gakoa, oraindik luze joko baitu igoera faseak: 16 partidu gehiago dauzkate jokatzeko.

Jubenilei dagokienez, bestalde, Hernanik berdinketa lortu zuen Donostian, Antiguoko B taldearen kontra, Liga Nazionalean (0-0). Berdeak 14garren daude sailkapenean, eta azkeneko postuetatik urruntzeko ahaleginean ari dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!