Jon Jarak, Oier Azpeitiak eta Ekhi Osesek hiru txapela lortu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 00:00
Jon Jara, Oier Azpeitia eta Xuban Iturbe.

Jara eta Azpeitia Gipuzkoako Trinkete txapeldun dira eta Oses Lizarran gailendu da lau t'erdian.

Asteburu oparoa izan da Hernaniko esku pelotarentzat. Lau finaletan hiru txapela bururatu dituzte pelotari hernaniarrek.  Jon Jara eta Oier Azpeitia Gipuzkoako Trinkete txapeldun dira jubenil eta kadete mailan eta Ekhi Oses Lizarrako txapelketa pribatuan txapeldun geratu da lau t'erdiko txapelketan.  

Larunbatean Iruran 3 pelotari hernaniar ziren protagonista Gipuzkoako bi finaletan. Kadeteetan Oier Azpeitiak 30-26 irabazi zion Xuban Iturbe klubeko kideari. Gorabehera asko izan zituen partiduak. Oier Azpeitiak hasieratik aurrea hartu zuen markagailuan 27-12ko aldea lortuta. Iturbe ez zen bere mailan jokatzen ari baina erreakzio haundi bati esker 27-26ko markagailura hurbildu zen, garaipenereako gertu geratuz.

Azpeitiak bere urduritasuna epeltzen jakin zuen azken hiru tantoak lortzeko.
Jubeniletan Jon Jarak 35 eta 7 irabazi zion Ituarteri (Lapke) Bizkaiko pelotariak hernaniarra mendean hartu zuen sailkapen fasean, baina Jarari asko balio izan zion partidu horrek, aurkariaren puntu ahulak ezagutzeko eta partidu perfektua jokatuz, bere ahuleziak bilatu zituen eta trinketean nola jokatzen den erakutsi zuen. Hernaniarrak merezitako txapela jantzi du Iruran.

Igandean, Lizarran, Ekhi Oses infantilak Suministros Monjardin txapelketa pribatua irabazi zuen 4,5eko modalitatean. Hernaniarrak 18-12 irabazi zion Etxanizi  azkoitiarrari. Oso ondo jokatu zuen eta bere aurkaria baino gehiago izan zen jokoaren arlo guztietan.

Asteburu honetan lortutako hiru txapel hauekin, C.D.Hernaniko pelotariek denboraldiko  seigarren txapela irabaztea lortu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!