Idiazabalen bikain, Joxe Mari Etxebeste eta Ibon Miner

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 00:00

Bigarren izan ziren astigartarra eta ereñotzuarra, Binakako Txapelketaren hirugarren tiraldian.

Igandean jokatu zuten, Idiazabalen, Binakako Txapelketaren hirugarren tiraldia. Eta bailarako hainbat bolari aritu ziren maila ederrean; bereziki, Joxe Mari Etxebeste astigartarrak eta Ibon Miner ereñotzuarrak osatutako bikotea. Bien artean 95 brila bota zituzten, eta tiraldiko bigarren bikote onena izan ziren, gizonezkoetan. Ederki aritu ziren Mikel Arroio eta Fermin Zuloaga hernaniarrak ere (91 brila). Bi bikote horiek, seigarren postuan daude berdinduta orain, sailkapen nagusian (246 brila). Patxi Loreak eta Fernando Gallego hernaniarrek 84 brila bota zituzten Idiazabalen; Aner Miner ereñotzuarrak eta Ander Etxebeste billabonarrak 81; eta Leandro Miner eta Iñaki Miner ereñotzuarrek 76.

Emakumezkoetan, berriz, aurrekoetan baino apalago aritu zen Rosa Santos astigartarrak eta Miren Makazaga zeraindarrak osatutako bikotea (62 brila), baina lidertzari eutsi diote. Maila ederrean aritu zena, Martxeli Kanflanka ereñotzuarra izan zen (37 brila), tiraldiko zazpigarren onena; baina Nagore Miner bikotekideak ezin izan zuen parte hartu, eta beraz, atzera egin dute sailkapenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!