Odola emateko txanda gaur arratsaldean goizuetarrek, autohemotekaren bisitarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 31a, 00:00

Hernaniar bat, odola ematen.

Herriko Plazan izango da, 17:30etatik 20:30etara, aurretik hitzordua eskatuta. Hernaniarrek bihar daukate odola emateko zita.

Goizuetara etorriko da autohemoteka, odol estrakzioak egiteko prestatutako autobusa, gaur arratsaldean. Eta beraz, gaur izango dute aukera herritarrek, odola emateko: arratsaldeko 17:30etatik 20:30etara egingo dituzte estrakzioak. Medikuaren kontsultan egingo diete harrera odol emaileei, eta Plazan izango dira estrakzioak, bertan egongo baita autohemoteka.

Odola eman ahal izateko, hori bai, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua: 848 420 573 telefonora deituta, edo adona.es webgunearen bitartez. Gainera, Covid-19a dela eta, baldintza bereziak ezarri ditu Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak, odola eman ahal izateko: azkeneko 28 egunetan Covida izan duen inorekin kontaktuan ez egon izana; Covid-19a modu arinean edo asintomatikoan pasaz gero, PCR negatibo batetik 15 egun edo medikuaren altatik hilabete pasa izana; eta azkeneko 15 egunetan sukarrik edo katarro sintomarik ez eduki izana, besteak beste.

Bihar, hernaniarren txanda

Bihar arratsaldean, berriz, hernaniarrek izango dute aukera, odola emateko, 16:30etatik 20:30etara Iturola Elkarlan Sorgunean. Horretarako ere, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua, bihar goizean zehar deituta, 943 00 78 84 telefonora.

Odol erreserbak «egoera larrian» daudela jakinarazi dute, eta herritar guztiak deitu dituzte odola ematera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!