Frantziako Tourraren etapa bat Hernanitik eta Astigarragatik pasako da, datorren urtean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 30a, 00:00

Tropela Hernanitik pasatzen, iazko Euskal Herriko Itzulian.

Gizonezkoen Tourraren bigarren etapa izango da, Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko dena, 2023ko uztailaren 2an, igandearekin.

Bilbotik abiatuko da datorren urteko gizonezkoen Fran­tziako Tourra, 2023ko uztailaren 1ean; eta hiru etapa egingo ditu Euskal Herriko lurretan. Egun hau­e­tan aurkeztu dituzte horien ibilbideak, eta Urumea bailaran ere bada notizia: Hernanitik eta Astigarragatik pasako da Tourraren bigarren etapa, uztailaren 2koa, igandearekin.

Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko da etapa hori, eta 210 kilometroko ibilbidea izango du. Arrasatetik sartuko da Tourra Gipuzkoan, eta Goierri eskualdea zeharkatu ondoren (tartean Udana, Aztiria eta Larraitz igota), Tolosara iritsiko da. Anoetan Alkizara desbideratuko da tropela, baina behin Zizurkilera jaitsita, Andoaindik Hernanirako bidea hartuko du Tourrak. Hernanitik Astigarragara joango da, eta Perurenako gaina igota aterako da Urumea bailaratik, Oiartzunera bidean: Gurutze igo, Irunera jaitsi, eta Hondarribiatik, Jaizkibel izango da etapako mendate erabakigarria, Donostian bukatu aurretik.

Aurrerago jakinaraziko dute tropelak herri bakoitzean egingo duen ibilbidea, eta horretarako gutxi gorabeherako ordutegia zein izango den.

Tourreko aurreneko etapa Bilbon hasi eta bukatuko da, eta Bizkaian barrena egingo du ibilbide osoa (185 kilometro). Eta hirugarrena, berriz, Amorebietan hasiko da, eta kostaldetik egingo dute etaparen zatirik haundiena, Baionan bukatzeko. Bailaratik gertu ibiliko da hirugarren etapa hori ere, baina ez da Hernanitik eta Astigarragatik pasako: Oriotik igeldora igo, Donostiara jaitsi, eta Errenteriarako bidea hartuko du zuzenean.

Tourra bailaratik pasatzearekin, txirrindulari onenak bertako errepideetan izango dira berriro, Euskal Herriko Itzuliarekin edota Donostiako Klasikoarekin gertatu bezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!