Hiru hernaniar gaur, Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finaletan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 29a, 00:00

Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia taldekideek  ziurtatuta duten txapela ekarriko dute Hernanira. Jubeniletan, Jara ariko da Lapkeko Ituarteren aurka.

Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finaletan ariko dira hiru hernaniar gaur, Irurako Ametsa trinketean. Gainera, txapel bat ziurtaturik du Hernanik. 10:30etatik aurrera eskuz banakako bi final jokatuko dira eta kadete mailan, Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia izango dira norgehiagokan. Bi pelotari hernaniarrak sailkatu dira finala jokatzeko, partidurik galdu gabe. Beraz, finala berdindua espero da, baina, Iturberen esperientziak bere alde egingo du.

Jubenil mailan, Jon Jara hernaniarrak Ituarteren (Lapke) aurka jokatuko du finala. Sailkapen fasean elkarren aurka jokatu zuten eta, orduan, bizkaitarrak irabazi zuen; baina, oraingoan, Jarak gehiago entrenatu du modalitate zail honetan, eta maila onean jokatuz gero, txapela irabazteko aukera izan lezake. Dena den, Ituarte da faborito, iragarpenen arabera.

 

Ekhi Oses infantilak finala, Lizarran

Aipatutakoak ez dira pelotari hernaniarrek jokatuko dituzten final bakarrak. Bihar goizean,  Lizarran jokatuko diren finaletan, pelotari hernaniar bat ere izango da protagonista.

Goizeko 10:00etan, lehen urteko infantil mailan, Ekhi Osesek Etxanizen (Azkoitia) aurka jokatuko du. Hernani klubeko pelotariak, finala jokatu ahal izateko, lau kanporaketa irabazi ditu aurretik eta oso ondo jokatuta, gainera. Forma onean dago, baina partidu berdindua espero da.

Udaberri txapelketan, Mundarroko Eñaut eta Ekain Lizeaga anaiak Lazkaon ariko dira gaur, goizeko 11:45etan, Lapke 1 (Eguren-Garmendia) taldearen aurka. C Multzoko partidua da eta astigartarrek, orain arte, partidu bat irabazi eta beste bat galdu dute. Gaur irabaztea, hortaz, garrantzitsua izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!