Hernanik Txingudi izango du aurrez aurre gaur arratsaldean, kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 29a, 00:00
Mundarroko nesken taldeak Irauli izango du aurkari, gaur, Donostian.

Seniorren taldeak 18:00etan du hitzordua, etxean. Mundarrok, berriz, Donostian jokatuko du.

Partiduz josita dute asteburu hau ere Urumea bailarako eskubaloi taldeek. Mundarrok, kadete mailan, Irauli izango du aurkari gaur, arratsaldeko 16:00etan, Donostian. Josean Gasca kiroldegian jokatuko dute, eta partidu berezia da astigartarrentzat. Izan ere, Iraulik bi puntura du Mundarro, eta irabaziz gero, puntuak berdinduko lituzkete sailkapen orokorrean.

Bere aldetik, Gipuzkoako bigarren mailan, Hernaniko seniorren taldeak Txingudi  izango du aurrez aurre etxean, gaur, 18:00etan. Intentsitate biziko partidua izatea espero da, Txingudi hirugarren postuan baitago sailkapenean eta Hernani, berriz, bosgarren, 5 puntu gutxiagorekin. Aukera ona da zaletuentzat herriko taldea jokatzen ikusteko. Aurten maila onean ari dira eta urtetik urtera langa gero eta gorago dago. Garaipena garrantzitsua litzateke.

Jubenil nesken taldeak gaur jokatuko du jardunaldiko norgehiagoka, Legazpiko Bikuña kiroldegian, arratsaldeko 17:45etan hasita. Jubenilen mutilen taldeak, berriz, atsedenaldia du oraingo honetan.

Aipatutakoez gain, asteburuan kiroldegian jokatuko dute, batetik, kadete nesken taldeak bihar, 10:00etan, Legazpiren aurka. Legazpi talde sendoa da eta hirugarren  daude sailkapenean. Bestetik, infantil mutilen taldeak Bidasoa aurkari gogorra izango du aurkari, bihar, 11:45etatik aurrera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!