Hernaniko Ohorezko Erregional mutilen taldea izango da asteburu honetan etxean jokatuko duen talde bakarra

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 29a, 00:00
Ohorezko Erregional mailan, Hernaniko mutilek gaur, arratsaldeko 16:00etan, izango dute Euskalduna taldearen bisita.

Mundarroko neska nagusien taldeak Elgoibarren aurka neurtuko ditu indarrak bihar, Mintxeta zelaian. Neska berdeek, berriz, Ohorezko Erregional mailan, Tolosaren aurka jokatuko dute Usabal zelaian, gaur, 17:30etan hasita. 

Asteburu honetan ere Urumea bailarako goi mailako talde gehienek norgehiagoka garrantzitsuak jokatuko dituzte, eta hilabeteari amaiera emateko, Hernaniko mutilen talde nagusiek jokatuko dute etxean.

Mundarroko Erregional Preferenteko mutilek atsedenaldia dute asteburu honetan. Beraz, jardunaldi honetan, goi mailako hiru partidu izango dira.

Ohorezko Erregional mailan, Hernanik sailkapeneko azken taldearen aurka neurtu beharko ditu indarrak, hau da, Euskalduna S.D izango du aurrez aurre gaurkoan. Arratsaldeko 16:00etan emango zaio hasiera partiduari. Momentu honetan, zazpigarren postuan doaz mutil berdeak, 25 punturekin, eta gaurko partidua irabazi beharra daukate, izan ere, Euskaldunak, orain arte, hiru partidu bakarrik irabazi ditu. Hortaz, indartsu aterako dira gazte hernaniarrak zelaira, irabazteko asmoz eta etxean jokatzearen lasaitasunarekin.

Ohorezko Erregional mailako neska berdeek, Usabal zelaian dute zita gaurkoan, arratsaldeko 17:30etan, Tolosaren aurka lehiatzeko. Hernaniko neskak bosgarren postuan daude 29 punturekin eta Tolosa, berriz, 10garren doa. Berdeek, beraz, argi daukate dena emango dutela puntuak lortzen jarraitu eta sailkapenean gora egiteko asmoarekin.

Mundarroko neskek, bihar dute Elgoibarren aurkako norgehiagoka, arratsaldeko 15:30etan hasita. Etxetik kanpo jokatuko da astigartarren eta elgoibartarren arteko lehia, Mintxeta zelaian, hain zuzen ere. Une honetan, liderrarekin berdinduta daude moreak, orain arte hirutik hiru partidu irabazi baitituzte, eta biharko «prest» daudela ere ziurtatu dute: «ilusioz gainezka gaude eta dena emateko prest!»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!