Korrika herritarrei aurkezteko zita bikoitza izango da gaur, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 27a, 00:00
Gauez pasa zen Korrika Astigarragatik eta Hernanitik, 2019an.

Atsegindegi plazan eta Ikatza tabernan egingo dituzte aurkezpenak, arratsaldeko 19:00etan hasita; eta herritar guztiak gonbidatu dituzte.

Martxoaren 31n Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostian bukatuko da aurtengo Korrika; eta azkeneko egun horretan, goizean goiz pasako da Urumea bailaratik, Astigarragatik eta Her­nanitik ze­hazki, helmugara iritsi aurretik.

Eta horren xehetasun guztiak emateko, Korrikaren aurkezpena egingo dute gaur arratsaldean, bi herrietan. Astigarragan, Ikatza tabernan jarri dute zita; eta Hernanin, Atsegindegin egingo dute. 19:00etan izango dira biak.

Bertan, jakinaraziko dute zein izango den Korrikak herri ba­koitzean egingo duen ibilbidea, abestiaren bideoklipa aurkeztuko dute, Korrika Egunaren berri emango dute...

Bestalde, jakinarazi dute dagoeneko salgai daudela Korrikako petoak, 5 euroan: Astigarragako kultur etxe zaharrean, eta Hernaniko AEK euskaltegian. Eta Korrikaren ibilbidean kilometroa erosi nahi duena, AEKrekin jarri daiteke harremanetan.

Korrika Batzordearen bigarren bilera egiteko hitzorduak ere jarri dituzte: otsailaren 8an Astigarragako kultur etxe zaharrean, eta hilaren 10ean Hernaniko AEKn, biak ere arratsaldeko 19:00etan hasita. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!