Ohiko deialdian bilduko dira Plenoak gaur, lantzeko gai gutxirekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 00:00

Erabaki gutxi izango dituzte bozkatzeko, gaurko Plenoetan.

Hernanin, hiru mozio dira gai nagusiak; eta Astigarragan, Donostia Ibilbideko obren kontratazio espedientea.

Ohi bezala, egun berean bilduko da Plenoa, Hernanin eta Astigarragan. Gaur arratsaldean izango dute urteko aurrenekoa, 18:00etan Hernaniko Udalak eta 19:00etan Astigarragako Udalak; eta bi kasuetan, gai gutxi izango dituzte lantzeko.

Hernanin, abenduko eta urtarrileko dekretuen berri eman ondoren, hiru mozio izango dituzte lantzeko: Ernai Gazte Antolakundeak aurkeztutakoa bat, apustu etxeak gaitzetsiz; pentsiodunen kolektiboarena bigarrena, banketxeetako leihatilen inguruan; eta Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak aurkeztutakoa azkenik, osasun mentalaren ingurukoa.

Astigarragako Plenoan, berriz, ez dute moziorik izango eztabaidagai; eta bi puntu dauzkate lantzeko, aurreko aktaren onarpenetik eta erregu eta galderen puntutik harago. Aurrenekoa izango da 2022ko ordainsarien igoerari buruzkoa. Eta bigarrena, kontratazio espediente bat: Donostia Ibilbidea berrurbanizatzeko obrei dagokiena.

Gaur bertan, beste bilera bat ere izango da Astigarragako udaletxean. 18:30etan bilduko da Tokiko Gobernu Batzordea, alkatetzan, eta hainbat gai izango dituzte lantzeko: Urumea kaleko etxebizitza bat lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea; 2020-2023 dirulaguntzen Plan Estrategikoaren aldaketa; dirulaguntza izenduna Andre Maria parrokiarentzat, alokairu sozialera bideratuko diren etxebizitzak egokitzeko obretarako; eta Erribera kulturguneko zerbitzu tekniko-eszenikoa eta publikoaren arreta zerbitzua kontratatzeko espedientea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!