Etzi aurkeztuko dute Korrika, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 00:00
Apirilaren 10ean pasako da Korrika, Astigarragatik eta Hernanitik.

Arratsaldeko 19:00etan jarri dute hitzordua, Atsegindegin eta Ikatza tabernan.

Hasi dira beroketa eta prestaketa lanak, martxoaren 31n abiatuko den Korrikarako. Eta Astigarragan eta Hernanin ere, ari dira lanean, aurtengo hitzordu bereziari begira.

Aurreko astean egin zuten estreinako Korrika Batzordea, bi herrietan. Asteartean egin zuten Astigarragan, eta ostegunean Her­nanin. Herri bakoitzean Korrikak egingo duen ibilbidea ko­mentatu zuten bertan, Korrikaren aurretik izango diren ospakizunak landu zituzten, eta ostegun honetako hitzorduez ere aritu ziren. Izan ere, Korrikaren aurkezpena egingo dute etzi, Hernanin eta Astigarragan.

Atsegindegin egingo diete aur­kezpena hernaniarrei, arratsaldeko 19:00etan hasita. Eta Ika­tza tabernan emango dizkie­te aurtengo Korrikaren xeheta­­sunak astigartarrei, ordu berean. Bertan azalduko dute Korrikak herri bakoitzean egingo duen ibilbidea, Korrika Egunaren be­rri emango dute, abestiaren bi­deoklipa aurkeztu... Eragile eta herritar guztiei luzatu diete deia, bertan parte hartzeko.

Hurrengo Korrika Batzordeak, otsailaren 8an eta 10ean

Aurkezpenerako datak ez ezik, hurrengo Korrika Batzorderako egunak ere zehaztu dituzte dagoeneko. Otsaileko bigarren astean egingo dute bigarren saioa, bi herrietan. Astigarragan, hilaren 8an egingo dute, arratsaldeko 19:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan. Eta Hernanin, bi egun beranduago egingo dute, otsailaren 10ean, 19:00etan baita ere, AEKren lokalean. Horietan ere, herritarren parte hartzea eskatu dute, «Korrika iritsi bitartean, denon gustuko ekimen indartsu eta gogoangarriak aurrera eramateko».

Bestalde, jakinarazi dute dagoeneko salgai daudela Korrikako petoak, 5 euroan: Astigarra­gako Kultur Etxe Zaharrean, eta Hernaniko AEK euskaltegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!