Hirugarren garaipena Mundarroko neskek eta ondorioz, bigarren postuan doaz liderrarekin berdinduta

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 00:00
Maddalen Alcubilla jokalaria, aurkariari baloia kendu nahian.

Mutilen taldeetan ez da garaipenik egon, Hernanik 3-2 galdu zuen Real Unionen aurka eta Mundarrok, berriz, porrota jaso zuen lider doan Zumaiako taldearen kontra jokatuta: 2-0.

Goi-mailako partiduek protagonismoa izan dute Urumea bailarako zelaietan. Nesketan, Mundarrok eta Hernanik garaipenak lortu dituzte, eta mutiletan, berriz, porrotak izan dira nagusi.

Mundarroko neskek, igoera faseko hirugarren partidua jokatu zuen igandean, Erregional Preferentean. Goierri Gorri taldea hartu zuten Zarkumendegin, eta 2-0 irabazi zuten astigartarrek.

Moreek indartsu eman diote hasiera igoera faseari orain arte jokatutako hiru partiduak irabazita, eta ondorioz, sailkapeneko bigarren postuan daude 9 punturekin, Real Sociedad liderrarekin berdinduta.

Neskekin jarraituz, Ohorezko Erregional Mailan, Bergara hartu zuten berdeek, eta sekulako garaipena lortu zuten: 4-1. Lehen gola, 25garren minutuan sartu zuen Paula Soroetak, eta bigarrena, segidan etorri zen Amaia Lasaren eskutik, aldaratze baten ondorioz. Bigarren zatian, bi gol sartu zituzten berdeek, Navarrok bat, eta Loreak beste bat. Partiduaren amaieran, markagailuak 0-4 markatzen zuen arren, Bergarako neskek oraindik ez zuten amore eman, eta sartutako golarekin 4-1 amaitu zen partidua.

Ohorezko Erregional Mai­la­ko mutilek, Irunen jokatu zuten norgehiagoka Real Unionen kontra,  eta asteburuan jokatutako partiduarekin hasi zuten bigarren itzulia. Hala ere, 3-2 galdu zuten berdeek.

Mundarroko mutilek, berriz,  Erregional Preferenteko liderraren aurka jokatu zuten larunbatean, eta ez zuten garaipenik lortu (2-0), Zumaiako gehiago izan baitzen.  Hala ere, nahiz eta Mundarrok zailtasunak eduki, pixkanaka zelaian kokatzen hasi eta gogor jokatu zuten. Hain justu, bigarren zatia indartsu hasi zuten moreek, baina azkenik, ez zuten lortu partiduan nagusi izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!