Urtarrilarekin batera, hilabete bereziak hasten dira, sagardogile zein sagardozaleentzat. Sagardo berria dastatu eta sagardotegiko menuaz eta giroaz gozatzeko garaia da batzuentzat, eta hilabetetako lanaren emaitza kupelatik atera eta edalontzietan talka egiten ikustekoa, besteentzat. Tradizionalki, txotx denboraldiarekin lotu da sagardotegira joateko esperientzia, eta bertako, estatuko zein nazioarteko milaka bisitari hurbildu ohi dira sagardotegietara.
Baina hilabete hauetan bakarrik ez, urte osoan zehar dago aukera, sagardoaren kulturan murgiltzeko. Gero eta gehiago dira urte osoan zehar ateak zabalik dauzkaten sagardotegiak, eta sagardoaren kulturarekin lotuta, eskaintza turistikoaz ere urte osoan gozatu daiteke. Eskaintza zabala dauka Sagardoaren Lurraldeak horretarako, eta mota guztietako ekintzak jartzen ditu herritarren eskura, familian, lagunartean edo bikotearekin gozatzeko.
Udazkenak ematen du horretarako aukera bikaina. Sagarraren uzta garaia da, sagarrondoak eta haien itzalpeko belazeak fruituz beteta ageri direnekoa. Eta horretaz gozatzera gerturatzen dira bisitari ugari, gero eta gehiago. Izan ere, uzta garaia eta sagardoaren kultura ezagutzeko, proposamen ugari prestatzen ditu Astigarragako Sagardoetxeak: familientzako tailerrak, ikastaroak, eta kultura, gastronomia eta kirola uztartzen dituzten esperientzia turistikoak.
Muztioa familian egiteko aukera, sagarraren uzta garaian
Horietako bat da Udazken Zaporez ekimenaren barruan prestatzen duten tailerra, urriko asteburuetan. Muztioaren elaborazio tailerra eskaintzen diete familiei, prozesu osoa gertutik ezagutu eta beraiek burutu ahal izateko. Horrela, familian joaten dira sagastira, eta sagar mota ezberdinak dastatu ondoren, elaborazio lanei ekiten diete, pausoz pauso. Haurrek zein helduek, kizkiarekin biltzen dituzte sagarrak, banan-banan; eta pisoiekin txikitu eta prentsatu egiten dute.
Horrela lortzen dute beraiek egindako muztioa, sagar uzta berriarekin egindako aurreneko edaria, txotx denboraldia hasi baino hilabete batzuk lehenago. Eta baita dastatu ere, egin berritan! Gainera, behin elaborazio prozesua bukatuta, bere muztioarentzako etiketa bat prestatzen du familia bakoitzak, eta sagar muztioa botilaratuta, bere etiketatxoarekin eramango du etxera, sagarraren uzta garaiaz gozatzen jarraitzeko.
Muztioaren elaborazio tailerraz gain, bestelakoak ere izaten dira udazkenean. Esate baterako, etxeko sagardoa, sagar dultzea eta sagar deshidratatua egiteko ikastaroak ere antolatzen dituzte, bertakoentzat zein bisitarientzat. Eta hainbat esperientzia turistiko ere bai: Sagarbike, Chillida eta sagardoaren kultura, Sagardoa eta itsasoa, Sagardoa eta gazta, Astigarraga ezagutuz... Horiei buruzko informazioa, Sagardoaren Lurraldearen webgunean dago eskuragarri: sagardoarenlurraldea.eus.