Astigartarrek eta hernaniarrek eramango dute Korrikako testigua, helmugara

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00

'Edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika, ibiliko dira'.

AEKtik jakinarazi dute, kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dela eta interesa dutenek 'KORRIKA' bulegoekin jarri beharko direla harremanetan.  

Ika, ika ika, hemen dator Korrika! oihukatuko dute laster euskal herritarrek, izan ere, AEKk aste honetan eman du aditzera 22. Korrikaren ibilbidea  zein izango den eta noiz igaroko den leku bakoitzetik. Guztira, 2.180 kilometro egingo ditu zazpi herrialdeetan, Hitzekin lelopean. Amurriotik abiatuko da martxoaren 31n, eta Donostian izango du helmuga 22. Korrikak, apirilaren 10ean. 

Arratsaldeko 16:30etan emango zaio hasiera aurtengo Korrikari Amurrion, eta urtero moduan, ekitaldi baten bueltan, eskuz esku ibiliko den lekukoan sartuko dute helmugan irakurriko duten mezu sekretua. Amurrioko ekitaldia amaituta eta gorputzak berotuta dagoeneko, Korrikako pankartaren atzean bat egingo dute herritarrek, ekialdera abiatzeko. 

Gipuzkoan eta Nafarroan, 
azken egunak eta kilometroak 
22.Korrikak, azken egunak Nafarroan eta Gipuzkoan igaroko ditu. Apirilaren 7an, Bizkaiako ibilbidea amaitutzat emango du, gaueko 22:20etan Ondarruk testigua pasako baitio Mutrikuri, eta Mutrikutik Debara joango da, testigua herriz herri igarota. Goizuetatik eta Aranotik ez da Korrika igaroko, baina bertako herritarrek, aukera izanen dute, Leitza edo Ezkurran Korrikarekin bat egiteko. Apirilaren 9an, gaueko 00:35etatik igaroko da Leitzatik eta 01:53etan Ezkurratik. 

Apirilaren 10ean Hendaian izango da Korrika, gaueko 00:14etan, eta ondoren igaroko ditu, Irun, Hondarribia, Oiartzun, Orereta, Lezo, Pasaia, Astigarraga, Hernani, eta Donostia. Aurtengoan gainera, Urumea bailarak badu erantzukizuna, izan ere, astigartarrek eta hernaniarrek eramango dute Korrikako testigua, helmugara. Horretarako, astigartarrek, goizeko 06:19etan hartuko dute mezu sekretua daraman testigua,  eta hogei bat minutu egingo dituzte lasterka, Hernani aldera. Goizeko 06:49etan helduko da Hernanira, eta Donostia bidea hartuko dute herritarrek. Añorgan, testigua eskuz aldatuko da goizeko 07:36ak aldera, eta Donostiako alde zaharrean amaituko dute 2.180 kilometroko ibilbidea. 

Euskeraren alde egiten den  10 eguneko ibilbidea amaituta, atsedenaldi txiki bat egongo da, 12:30ak arte. Amaiera ekitaldia ordu horretan hasiko da, eta urtero moduan, ez da jakingo nork irakurriko duen mezua, egun seinalatua iritsi arte. Dena den, AEKk zein omenduko duen iragarri du: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, ondorengo arrazoiagatik: «euskeraren sustapenean eragile aktiboa izateagatik». 

Atzeratutako Korrika
Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da, Korrika, eta 1980an egin zen estreinakoz lehena, Oñatitik Bilbora eta orduz geroztik 21 Korrika egin dira. Bi urtetik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da Korrika, baina pasa den urtean pandemiaren egoera zela eta, atzeratzea erabaki zuen AEK, eta 2022an egingo da.   Hau kontutan hartuz, martxoaren 31tik, apirilaren 10era bitartean, bi mila kilometro baino gehiago egingo dira euskeraren alde, kolore, izaera, adin eta mota guztietako partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe. 

AEKtik jakinarazi dutenez, kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da. Interesdunek KORRIKA bulegoekin harremanetan jarri daitezke, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru-ekarpena egiteko. Gipuzkoan, telefono honetara deitu daiteke: 946 464 000 edo gipuzkoa@korrika.eus helbide elektronikora idatzi, eta Nafarroan: 946 464 000 edo nafarroa@korrika.eus bidez kontaktatu daiteke. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!