EROTIKAN PLAX!

Autoeskolako instruktorea dirudizu

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00

Collage irudia: Dolce

Ez da fantasia erotiko bat, tamalez, baina ohiko bikotea baldin baduzu, ondorengoa zure interesekoa izan daiteke. Zure bikotekidea edo zu autoeskolako instruktoreak bezala jokatzen duzue elkarrekin kotxean zoaztenean? Horrek gatazkak sortzen al dizkizue? Zure burua, zoritxarrez, egoera deseroso eta amorragarri horretan aurkitzen baduzu nahi baino maizago, agian baduzu horren bueltan zer eginik. 

Gidaria kritikatzea oso ohitura itxusia da. Kopilotoa ez zaintzea, ere bai. Nork hasten du elkarrizketa gogaikarria? Normalki kopilotuak egiten duela esango dugu. Izan ere, beldurragatik, argibideak, kexuak, errua botatzea eta halakoak botatzen dizkio gidariari, arrazoia izan hala ez. Bestalde, bolantea daramanak, entzuten duena kritikatzat jotzen du, laguntza saiakera bat izan bada ere, eta defendatzeko, atakatu egiten du. Hau guztia familiarra egiten zaizu?

Hasteko, hipotesi bat luzatuko dugu hemen. Kritikatzen duenak, egoeren kontrol handiagoa behar izaten du orokorrean, bizitzan, baita  autoan ere. Eta gidariari kexatzen zaion bitartean, beldurra ez sentitzen saiatzen da, bestearen akatsetan zentratua baitago. Gidariaren jokabidean ez du akats bat bera ere onartuko eta modu horretara, seguruago sentitzen ahaleginduko da. Kontutan hartua izan nahi du!! Bizitzan, orokorrean kontrol hori malgutzeko beharra lantzen baditu, agian bizitzarekiko konfiantza gehiago sentitzera hel daiteke, baita errepidean ere. 

Hori da kopilotoaz dugun ustea. Eta gidariari buruz zer? Edo kopilotoa bera gidari denean? Ondokoak esandakoa entzun eta ... «zer esan nahi duzu?», «ez naizela fidatzekoa?», «ez naizela konpetentea?», «ez zaitudala ondo zaintzen?»... bere burua mehatxatutzat jotzen du, bere beldurrak aktibatzen dira, eta aserraldia erraz pizten da. Moztu hortxe eztabaida. Kale itsu bat da!!

Autoaren barruan taldekide bezala jokatzea ideia ona da. Zer behar duzu seguru sentitzeko? Nola eska ditzaket gauzak lasai joateko? Gidaria ez kritikatzeko ARAUA ezar dezagun. Elkarren laguntza, konplizitatea, konfiantza, kolaborazioa eta kohesioa lantzeko erronka polita dugu hor. Txalotu dezagun ondo gidatutakoa, eskertu dezagun  emandako argibideak, eskatu dezagun laguntza ispilutik ondo ikusten ez denean, definitu ditzagun bakoitzaren funtzioak errepidean. Kontzientzia jarri behar dugu honetan, goxotik hotzera automatikoki pasatzen baikara azkar batean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!