Txotx denboraldia

Gaziak eta gezak, 2021eko uztatik ateratako sagarrak

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00

2021a sagar urte haundia izan da Euskal Herriko sagastietan, kopuruz. Orokorrean, iaz baino sagardo arinagoak dira aurten.

Pasa den urteko udako eguraldiek sagasti askotan heldutasun garaia atzeratu bazuten ere, sagar uzta «haundia» izan da, eta honi buruzko hainbat argibide eman dituzte sagarra eta sagardoan adituak diren kideek, besteak beste, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoa Routek.

2021garren urtea «sagar urte haundia» izan dela ziurtatu dute sagardogileek 2020arekin alderatuta, izan ere, uzta txikia izan zen 2020koa, Euskal Herriko kopuruetan oinarrituta. Guztira 115 sagar mota desberdin izan direla azaldu du Euskal Sagardoa Jator Deiturak «eta hauetatik 24 dira gure sagastietan gehien daudenak, gaziak eta gezak». Aurtengoan, beraz, kontsumitzaileek aukera paregabea izango dute sagardo ezberdinak dastatzeko, sagardotegiz sagardotegi, eta kupelez kupel esperientzia berriak probatu eta sagarraren munduan murgiltzeko.

«Sagar osasuntsua» da aurtengoa, «poliki-poliki heltzen joan dena, udarako eguraldiak medio» diote sagar eta sagardoaren adituek. Aurtengo sagardoak, 0,5 alkohol gradu gutxiago emateko traza du, eta horrek, «sagardogileari lan egiteko aukera paregabea ematen dio».

 

Sagar mota ezberdinen nahasketa egokitik, sagardoaren izaera

Sagardoaren izaera, sagar mota ezberdinen nahasketa egokitik dator, baita sagardotegi bakoitzaren ukitutik ere, «eta geroz eta gehiago dira sagar mota bakarreko edo 2-3-4 sagar motaren nahasketarekin merkaturatzen ari diren Euskal Sagardoak».   Prozesuak sinplea dirudi hitzekin deskribatuta: sagarra bildu, jo eta tolarean zanpatu. Ziklo bakoitzaren ondoren ateratzen den muztioa joango da kupeletara, irakinaldia hasteko. Azaroa eta abenduan bukatu eta urtarrilean dastatzen da: urteko lehen kupela irekita. Aldiz, udaberritik aurrera izango dira 2021eko uztako lehen Euskal Sagardo botilak.

 

Urtez urte, geroz eta sagar gehiago

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoa Routek  aditzera eman dute, orokorrean, 2020an baino sagardo arinagoak direla 2021ekoak: «aurten, lurrintsuak eta alkohol graduazioa baxuagokoak dira».  Gainera, uzta haundiak direnean, normala izan ohi dela diote, eta aurtengoa inoizko uzta haundiena izan da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarentzako. Guztira, 5 milioi kilo sagar bildu dira Jatorri Deiturako 250 sagardotegietan, eta 3,5 milioi  litro Euskal Sagardo egin dira. Urtez urte, geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, «dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala» diote sagardo munduko adituek. Bide honetan gainera, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura,  «luzerako elkarlana baita bertako produkzioa haunditu, sektoreak indartu, produktuak prozesatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena».

 

Bertako sagarra eta ekoizpena jomuga

Gaur egun, Euskal Sagardoaren barruan, 250 sagargile daude, eta 480 hektarea inguru sagasti. Sagar hauek guztiak, Jatorri Deiturako 48 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan, zaharrak eta berriak daude, eta beste 110 hektarea dira produkzioan sartu berriak eta datozen urteetan produkzioan sartuko direnak.

Azken urteetan pausu nabarmenak eman dira Euskal Sagardo proiektuak bultzata eta adituek jakinarazi dute, datozen urteetan ere ezinbesteko izango dela sagar sektoreak egiten duen bidea: «bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere». Helburu nagusi bat ere jarri dute, epe luzerako: «15 urtean, %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia».

Jatorri Deiturako sagar sektoreak, lehentasunezko hiru proiektu aurkeztu zituen 2020garren urtean, eta hain justu, pasa den urtean jarri dituzte proban. Lehenik, polinizazioa: «bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen ari da sektorea, Fruitel elkartearen eskutik. UPNArekin ari dira proiektua aurrera eramaten eta laster jakingo ditugu azterketaren emaitzak eta publikatuko dira». Bigarrenik, bakanketa: sagarra bakantzea urtero uzta orekatuak izateko. Iaz hasita, 9 sagar motekin egin da saiakera 2021 uztarekin, 3 sagasti desberdinetan, eta sagar mota bakoitzarekin 5 adierazle desberdin landu dira. Proiektu hau 3 urterako proiektua da eta lehen saiakera honek erakutsiko du datozen 2 urtetako saiakerak nola egin», gainera diote, emaitzak 2023garren urtean ikusi ahal izango direla. Eta, azkenik, hirugarrena, lurra: «Geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio lurraren lanketari eta horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak orekatzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko». Horretarako, ikastaro desberdinak antolatu dira sagar sektorerako, datozen udazkenerako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!