Etxean ariko dira Hernaniko eta Mundarroko nesken talde nagusiak

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00

Primeran hasi du igoera fasea Mundarrok, aurreneko bi partiduak irabazita.

Berdeek Bergara hartuko dute Zubipen, gaur 16:00etan; eta moreek Goierri Gorri Zarkumendegin, 
bihar 12:15etan.

Goi-mailako futbola izango da berriro, Urumea bailarako zelaietan; eta oraingoan, nesken talde nagusiak ariko dira etxe­an. Ohorezko Erregional Mailan, Bergara hartuko du Hernanik Zubipen, gaur arratsaldeko 16:00etan hasita. Irabazteko partidua dute berdeek, sailkapenean beherago dagoen talde baten kontra. Neskek zaila daukate berriro goiko postuen lehian sartzea, baina oraindik liga erdia daukate aurretik, eta olatu ona hartuz gero, edozertarako gai izango dira.

Mundarrok, berriz, igoera faseko hirugarren partidua jokatuko du bihar, Erregional Preferentean. Goierri Gorri hartuko du Zarkumendegin, eguerdiko 12:15etan hasita. Moreek primeran ekin diote igoera faseari, aurreneko bi partiduak irabazita; eta sailkapeneko bigarren postuan daude, Real Sociedad liderrarekin berdinduta. Hirugarren garaipena bilatuko dute bihar, aurreneko bi partiduak galdu dituen talde baten kontra.

Mutilen taldeei dagokienez, Irunera joan beharko du Her­nanik, Ohorezko Erregional Mai­la­ko partidua jokatzeko. Gal zela­­ian ariko da, Real Unionen kontra, gaur 15:30etan. Aurreko asteburuko garaipena indarberritu egin ditu berdeak, eta bide horretatik jarraitu nahi dute, igoeraren lehian sartzeko. Gaurkoarekin hasiko dute bigarren itzulia, eta nesken taldearen kasuan bezala, olatu ona hartzea izango da gakoa, igoerarekin amets egiteko.

Mundarroko mutilek, berriz, Zumaian daukate zita, Aita Mari zelaian: Zumaiakoren kontra jokatuko dute, gaur arratsaldeko 17:45etan hasita. Partidu zaila daukate moreek, Erregional Preferenteko liderra baita Zumaiako, jokatutako 16 partiduetatik 14 irabazi eta bi berdinduta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!