Final bat eta hainbat semifinal, bailarako esku pelotari eta palistek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00

Finala daukate gaur Gasteizen, Ariane Arrietak eta Amaia Irazustabarrenak.

Euskal Herriko Kluben arteko Ligan, Bizkaia Torneoan eta trinketeko Gipuzkoakoan dauzkate hitzordu nagusiak.

Aurrekoak bezala, ez da nolanahiko asteburua izango hau ere, Urumea bailarako pelotari­entzat. Palaz zein eskuz, partidu garrantzitsuak jokatuko dituzte; horien artean, makina bat semifinal, eta baita final bat ere.

Euskal Herriko Kluben arteko Ligan jokatuko dute finala, palista hernaniarrek, nagusien mailan. Gasteizko Ogeta frontoian ariko dira Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta, gaur, Errekaleorren kontra. Arratsaldeko 15:30etan hasiko den jaialdian, seigarren partidua izango da beraien finala.
Bi hernaniarrak protagonista izango dira bihar ere, paleta larruzko Bizkaia Torneoan. Semifinalak jokatuko dituzte, Bilboko Bizkaia frontoian, eguerdiko 12:00etan hasita. Batean, Maider Huizi hernaniarra ariko da, Nagore Martinekin, Ariane Arrietaren eta Uxue Agirresaroberen kontra. Eta bestean, Amaia Irazustabarrenak jokatuko du, Leire Etxanizekin, Leire Galdosen eta Itsaso Erasunen kontra.

Gipuzkoako trinketeko semifinalak, eskuz
Eskuzko lehiari dagokionez, berriz, trin­ketean izango dituzte partidu garrantzitsuenak, Gipuz­koako Txapelketan. Gaur jokatuko diren bi semifinaletan ariko dira esku pelotari hernaniarrak, goizeko 10:30etan Iruran, kadete mailan. Aurrenekoan, Xuban Iturbek jokatuko du, Behar Zanako Arrutiren kontra; eta bigarrenean, Oier Azpeitia ariko da, Behar Zanako Otegiren kontra.

Bihar, trinketeko binakakoa hasiko dute bailarako hiru bikotek, nagusietan. Lehenengo mailan ariko dira John Linares eta Oier Gurutzealde astigartarrak, eta Ekaitz Cisneros eta Iñigo Labaka hernaniarrak; eta bigarren mailan, Ioritz Berasarte eta Egoitz Altuna hernaniarrak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!