Sindikatuek manifestazioak deitu dituzte iganderako, Osakidetzaren egoera larria salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 20a, 00:00

«Lehen mailako arretak kolapso egoeran jarraitzen du, pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta», ohartarazi dute langileek.

Urtarrilaren 23rako, iganderako, mobilizazioak deitu dituzte LAA (Lehen Arreta Arnasberritzen), ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek EAEko hiru hiriburuetan, pandemiaren aurreko «egiturazko gabeziek» Osakidetzaren lehen mailako arretan «kolapso egoera» eragin dutela salatzeko: «Lehen mailako arretak kolapso egoeran jarraitzen du, pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta. Covid protokoloetan egindako azken aldaketek egoera horren ondorio dira», ohartarazi dute.


Donostian izango da manifestazioa, 12:00etan

Egoera horren aurrean, urtarrilaren 23an, kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei eta Osakidetzako langileei, lehen mailako arretaren «egoera larria» eta ospitaleetako arretaren gainkarga salatzeko eta «berehalako neurriak» eskatzeko. Manifestazioak antolatuko dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, eta Donostiako mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Boulevardetik.

Covid-19aren pandemiaren seigarren olatuarekin, egoerak okerrera egin duela ohartarazi dute. «Plantilen eskasia hain da nabarmena, ezen Osakidetzak, besteak beste, autotest neurriak ezarri dituen; hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso dezala, horiek jasotzeko langile nahikorik ez dagoelako», kritikatu dute. «Zoritxarrez, egoera hori ez da pandemiaren ondorio. Gaur egungo osasun krisiak are gehiago larriagotu du pandemiaren aurretik zegoen egiturazko egoera».

Egoera horrek kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea prekarizatzea dakarrela ohartarazi dute sindikatuek, eta pandemia «murrizketak aplikatu eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia» bihurtu izana leporatu diote Osakidetzako zuzendaritzari. Besteak beste, horren adibide gisa jarri dituzte 4.000 profesionalen kaleratzea edota osasun arloko inbertsioaren 16 milioi euroko jaitsiera Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan.


Lehen arreta indartzeko estrategia

Mobilizazioetan hainbat neurri zehatz eskatuko dituzte: «Osakidetzaren aurrekontua haunditzea EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz; eta plantilak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoz hornitzea kategoria guztietan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!