Mari Jose Izagirre da eratu berri den Beterri-Buruntzako Mankomunitateko lehendakaria

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 19a, 00:00

Sei herritako udaletako ordezkariek argi berdea eman diote eskualdeari zerbitzua emango dion Mankomunitatearen eraketari.

Urte askotako lanaren ondoren, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek Beterri-Buruntza Mankomunitatea eratu zuten astelehen eguerdian Hernaniko Udaletxean egindako bilkuran. Bertan izan ziren Mari Jose Izagirre, batzorde sustatzaileko lehendakaria eta zinegotzia, eta Maider Lainez Andoaingo alkatea; Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea eta Roxali Fernández zinegotzia; Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Patxi Ibarguren zinegotzia; Nuria Fernández eta Jon Antxordoki Lasarte-Oriako zinegotziak; Jorge Segurado Urnietako alkatea eta Agurtzane Mercader zinegotzia; Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkatea, Beñat Larrañaga zinegotziarekin eta Andoaingo udal-idazkaria, Unai Rekondo.

Lehendakariorde kargua Nuria Fernándezi egokitu zaio
Ordezkariek zin egin edo hitza eman ondoren, Beterri-Buruntzako Mankomunitatea eta Batzar Nagusia eratzeko adierazpena egin zen, eta, ondoren, Mari Jose Izagirre hautatu zen Beterri-Buruntzako Mankomunitateko lehendakari. Lehendakariorde kargua Nuria Fernándezi egokituko zaio, eta bilkura berean eratu zen Gobernu Batzordea, osatzen duten kide guztiak izendatuta.


Mari Jose Izagirre Andoaingo Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria zinegotzia da, eta, besteak beste, agentziaren batzorde sustatzaileko lehendakaria izan da orain arte. Bestalde, Nuria Fernández Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia Saileko zinegotzi arduraduna da.


Lehendakari izendatu berritan, Izagirrek eskerrak eta zorionak eman zizkien udal ordezkari guztiei, «eskualde mailako azken urteetako lehentasunezko erronka behar bezala gauzatzeagatik» eta emaitza «lankidetzaren eta ahalegin kolektibo haundiaren bidetik» eman delako. Izagirrek gaineratu zuen agentzia operatiboa behar dela «dauden erronka sozioekonomikoei aurre egiteko, esate baterako, eskualdearen suspertzea COVID osteko aroan».


Andoain, Hernani, Astigarraga, Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnietako udalerriek osatzen duten Beterri-Buruntza Mankomunitatearen helburu nagusia eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala lortzea izango da, giza garapen iraunkorra eta herritarren ongizatea hobetzeko jarduerak sustatuz

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!