Laburbiran lanak aurkezteko epea ostegunean amaituko da

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00
Marilin taldearen 'Urak dakarrena' ekoizpena. Kultursharea.

Urtarrilaren 20tik 27ra bitartean aukeratuko dira Laburbira zirkuituaren 19garren edizio honetan herriz-herri eskainiko diren film laburrak.

19. edizioa beteko du aurtengo Laburbirak, euskeraz sortutako film laburren zirkuituak, hain zuzen ere. Laburbiraren helburua argia da: batetik; euskeraz ekoizten jarraitzeko sortzaileen lanak ezagutaraztea, eta, bestetik, ikusleei geurean sortutako zineaz gozaraztea.

Bertan aurkeztu nahi duten sortzaileek urtarrilaren 20ra arteko epea, ostegunera arte, izango dute lanak aurkeztu eta izena emateko.

Urtarrilaren 20tik 27ra bitartean aukeratuko dira Laburbira zirkuituaren 19garren edizio honetan herriz-herri eskainiko diren film laburrak.

Topaguneak, euskerazko ikus-entzunezkoen sortzaileei bultzada bat emate aldera, Laburbiraz gain, beste lau egitasmo ere antolatzen ditu; hala nola, Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea, DemaSA lehiaketa eta Kameratoia.

Urte honetako Laburbira, otsailaren 25ean hasiko da eta martxoaren 27ra arte iraungo du; eta, aipatu moduan, 19. edizioa izango da.

Aurtengo Laburbiran parte hartzeko laburmetraiak euskeraz izan behar dute, 2021garren urtean ekoiztutakoak eta 20 minututik beherakoak izan behar dutela argi utzi dute antolatzaileek. Esteka honetan eman daiteke izena: https://labur.eus/mJdUh.

Aukeraketa egiteko, hainbat irizpide

Antolatzaileek, aukeraketa egiterakoan, hainbat irizpide hartuko dituzte kontutan: publiko guztiarentzako lanak izango dira. Sortzaile berrien eta izen haundikoen arteko oreka egongo da lanetan. Sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna kontutan hartuko da. Genero ikuspegia lantzea ere gomendatzen da edo hau behintzat kontutan hartuko dute. Eta, azkenik, filmen bestelako ezaugarriak honakoak izango dira: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!