Txapela jantzi eta lehenengo mailara igoera lortu du John Linares astigartarrak, Gipuzkoako trinketekoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00
John Linares astigartarra, trinketeko txapelarekin eta koparekin.

Nagusien bigarren mailako finala irabazi zuen Linaresek, Iñaki Azkoitia azkoitiarraren kontra, Iruran (40-23). Txapelketa berean, finalerdietara sailkatu dira Unax Manterola eta Xuban Iturbe hernaniarrak, ligaxkako azken partidua irabazita.

Txapelketa bikaina ezin hobeto borobildu zuen John Linares astigartarrak, larunbatean, trinketeko Gipuzkoakoan. Nagusien bigarren mailako finala zeukan Iruran, Iñaki Azkoitia azkoitiarraren kontra; eta nagusitasunez gailendu zen Linares (40-23).

Horrela, txapela jantzi bakarrik ez, igoera ere lortu du astigartarrak, eta lehenengo mailan ariko da datorren denboraldian, Gipuzkoako Txapelketan.

Txapelketa horretan bertan, emaitza onak lortu dituzte bi esku pelotari hernaniarrek ere: ligaxkako azkeneko partidua ira­bazi zuten Unax Manterola jubenilak eta Xuban Iturbe kadeteak, eta biak sailkatu dira finalerdietara. Aldiz, txapelketatik kanpo geratu da Markel Urdangarin kadetea, azkeneko partidua galduta. Eta partidu ga­rrantzitsua galdu zuen Jon Jara jubenilak ere. Bere kasuan, finalera zuzenean sailkatzea zeu­kan jokoan, eta gal­du zuenez, finalerdia jokatu beharko du. Datorren asteburu­an izango dira finalerdietako par­tiduak. Semifinaletan ariko da Oier Azpeitia kadete hernaniarra ere, lehendik sailkatuta zegoena.

Euskal Herriko Kluben arteko Ligan, bestalde, porrota jaso zuten Xabier Apaolaza eta Mikel Lasa hernaniarrek, 22 urtez azpikoetan, Joko Alairen bikotearen kontra (13-22). Ondo eutsi zieten hasieran, baina maila haundiko bikotea da bizkaitarra, eta ihes egin zuten ondoren, garaipen erosoa lortzeko.

Eta Malerrekako Txapelke­tan ere, albiste txarrak her­na­niarrentzat: Xuban Iturbek eta Oihan Legarretak 9-18 galdu zu­ten Lapkeko Izagirreren eta Cal­voren kontra, eta txapel­keta­tik kanpo geratu dira.

Gainerakoan, infantilek eta alebinek ez zituzten jokatu asteburuko partiduak, Gipuzkoako Txapelketetan, Eusko Jaurlari­tzak hala aginduta. Erabakia «zentzugabea» izan zela adierazi dute CD Hernaniko esku pelota sailetik.

Zazpigarren garaipena Binakakoan, Iker Salaberriak

Maila profesionalari dagokionez, zazpigarren garaipena lortu zuen Iker Salaberria goizuetarrak, Promozioko Binakako Txa­pelketan. Erostarberekin ba­tera, 22-11 nagusitu zen Zabala­ren eta Etxebarriaren kontra, Zumaian. Bederatzi partidutik zazpi irabazita, bigarren postuan jarraitzen dute Salaberriak eta Erostarbek, Bakaikoaren eta Elizegiren atzetik (zortzi garaipen); eta zuloa haunditu dute, Zabalarekin eta Etxebarriarekin. Hirugarren ziren haiek, eta lau garaipenekin daude. Orain, Zubizarretak eta Eskirozek egin dute gora, hirugarren postura, bost garaipenekin. Jokatzeko bost partidu falta direnean, esku-eskura daukate finalerdietara sailkatzea, Salaberriak eta Erostarbek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!