Aner Miner eta Ander Etxebeste gazteak, bikain

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00

Azken momentuan animatu, eta laugarren izan ziren Olaberrian, Bikotekako Txapelketaren lehenengo tiraldian.

Igandean eman zioten hasiera bolariek, Olaberrian, aurtengo denboraldiari.­ Bikotekako Txapelketaren estreinako tiraldia zuten bertan, eta Urumea bailarako hainbat bolari aritu ziren, maila ederrean gainera.

Bikain aritu ziren, bereziki, azkeneko momentuan parte hartzera animatu ziren gazteak: Aner Miner ere­ñotzuarra (14 urte), eta Ander Etxebeste billabonarra (12 urte). Ereñotzuarra izan zen partehartzaile guztien arte­an brila gehien bota zituena (48), Jokin Izagirre, Josu Lasa eta Xepeino Agirrerekin berdinduta; eta billabonarrak 37 brila bota zituen. Horrela, bien artean 85 brila lortuta, laugarren izan ziren binaka.
Haien segidan sailkatu ziren Patxi Loreak eta Fernando Gallego hernaniarrak, 84 brilarekin, bosgarren postuan. Gizonezkoetan, bailarako beste hiru bikote ere izan ziren. Mikel Arroio eta Fermin Zuloaga hernaniarrak 15garren izan ziren, 66 brilarekin. Bi gaztetxoen aitak, Ibon Miner ereñotzuarra eta Joxe Mari Etxebeste astigartarra, 19garren sailkatu ziren, 64 brilarekin. Eta 20garren izan ziren Leandro Miner eta Iñaki Miner aita-seme ereñotzuarrak, 62 brila botata.

Rosa Santos astigartarra lider, Zeraingo Makatzagarekin

Eta bi gazteena bezala, ezustekoa izan zen Rosa Santos astigartarraren partehartzea, min hartuta egon ondoren lehiara bueltatu baita, Zeraingo Miren Makatzagarekin bikotea osatuta. 35 brila bota zituen Santosek, eta 42 Makatzagak. Horrela, 77 brilarekin, aurreneko postuan sailkatu ziren emakumezkoetan, Aitziber Makazaga eta Garbiñe Alustizarekin berdinduta.

Martxeli Kanflanka eta Nagore Miner izeba-iloba ereñotzu­arrak, berriz, zazpigarren izan ziren, 40 brilarekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!