Asteburu gogorra bailarako talde nagusientzat, garaipenik gabe

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00

Hernaniarrek ezin izan zuten Interreko Ruiz de Azua gelditu, azken laurdenean.

Azkeneko minutuetan galdu zuten Hernanik eta Mundarrok, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan.

Garaipenik gabe bukatu dute asteburua, Urumea bailarako saskibaloi talde nagusiek, Gipuzkoako lehenengo mailan. Jokatu gabe geratu ziren Mundarroko neskak ostiralean, bertan behera geratu baitzen Donosti Hoopsen kontrako partidua. Eta porrota mingarria jaso zuten Hernaniko eta Mundarroko mutilek larunbatean, azkeneko minutuetan egin baitzien ihes garaipenak.

Etxean aritu zen talde hernaniarra, Donostiako Internacionalen kontra. Partidu ber­­­dindua izan zen hasieratik, baina 14-10 aurreratu ziren hernaniarrak, Manterolak aurreneko laurdenean lortu zituen 8 puntuei esker (16 punturekin bukatu zu­en partidua). Lau puntu­ren alde ho­­rri eutsi zioten atsedenaldira iristerako (32-28), eta berdin ja­­rraitu zuten hirugarren laurdenean (46-42). Baina azkeneko laurdenean, hernaniarrek ezin izan zuten gelditu Internacionaleko Ruiz de Azua: 14 puntu lortu zituen laurden horretan, partiduari buelta emateko. Gasparren hiruko bati esker gerturatu, eta Hernanik aukera izan zuen azkeneko segunduan partidua irabazteko, baina ez zuen asmatu beste hiruko batekin, eta Donostiara joan zen garaipena (58-60).

Antzekoa izan zen partiduaren bukaera Mundarrorentzat, Bergaran; baina luzapena ere jokatu behar izan zuten haiek, bi bider gainera. Ez zioten ondo ekin partiduari astigartarrek, eta aurreneko laurdenean 14-13 galtzen hasi ondoren, zazpi punturen aldea hartu zien Bergara Soraluzek, atsedenaldirako (34-27). Hirugarren laurdenean erreakzionatu zuten, ordea, eta bi puntura gerturatu ondoren (45-43), partidua berdintzeko gai izan ziren azkeneko laurdenaren bukaeran (55-55).

Luzapenera jo zuten horrela. Ezin berdinduagoa izan zen aurreneko luzapena ere (62-62), eta bigarren bat behar izan zuten, garailea erabakitzeko. Baina horretan, asmatu ezinik aritu ziren astigartarrak, eta 68-64 galdu zuten

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!