Maider Huizik bukatu du ligaxka lider, Nagore Martinekin, Bizkaia Torneoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00
Maider Huizi palista hernaniarra, aurreko partidu batean.

Amaia Irazustabarrena eta Leire Etxaniz hartu zituzten mendean, ligaxkaren azkeneko jardunaldian (0-2).

Igandean jokatu zuten, Bilboko Miribillan, Bizkaia Torneoko ligaxkaren azkeneko jardunaldia. Eta lidertza zeukaten jokoan bi hernaniarrek, elkarren kontra: Maider Huizik, Nagore Martinekin; eta Amaia Irazustabarrenak, Leire Etxanizekin. Huizi eta Martin nagusitu ziren, bi jokoetan (0-2), eta beraiek bukatu dute ligaxka lider.

Beste partiduan, berriz, porrota jaso zuen Ariane Arrieta hernaniarrak, Uxue Agirresaro­berekin, Leire Galdosen eta Itsaso Erasunen kontra (2-0). Horrela, azkeneko postuan bukatu dute ligaxka, eta Huiziren eta Martinen kontra jokatu beharko dute semifinaletan. Irazustabarrenak eta Etxanizek, bere alde­tik, Galdos eta Erasun izango di­tuzte aurrez aurre, final haun­di­rako pasearen bila.

Euskal Herriko Ligan, bikain

Bestelako txapelketetan ere aritu dira bailarako palistak, asteburuan. Euskal Herriko Kluben arteko Ligan, esaterako, bikain aritu dira hernaniarrak. Jubeniletan, Hernaniko frontoian aritu ziren Enara Macicior eta Ane Kerejeta. Final laurdena erraz irabazi ondoren, Larraun B menderatu zuten semifinalean (15-9), baina finala galdu zuten Orozko Olgetanen kontra (11-15). Nagusietan, berriz, Etxarri Aranazen aritu ziren Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta, eta erraz nagusitu ziren, Auñamendi taldearen kontra (11-30).

Eta Udaberriko Txapelketan, elkarren kontra aritu ziren bailarako bi bikote Txomiñenen, nagusietan: Izaro Arraras eta Maialen Eldua astigartarrak, eta Ekine Balerdi eta Eider Otaegi hernani­arrak. Balerdi eta Otaegi nagusitu zi­ren (13-30). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!