Ohorezko Erregional Mailan, mutilen taldeak garaipena lortu zuen larunbatean, Aloña Mendiren aurka

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00
Aritz Oyarbideren jaurtiketa, berdeen lehenengo golean.

2-0 irabazi zuten berdeek, Aritz Oyarbideren eta Axel Sanzen golekin. Nesken lehenengo taldeak, berriz, 1-0 galdu zuen Beti Gazteren aurka. Mundarroko gorengoen mailako taldeak 2-2ko berdinketa izan zuen Ostadarren kontra. 

Asteburu honetan ere partidu mordoa izan dituzte bailarako futbol taldeek. Uholdeek Zubipen utzitako egoera hobetzea lortu zuten hernaniarrek, eta, beraz, etxean jokatu zituzten zenbait partidu CDHko futbolariek. Horietako bat izan zen Ohorezko Erregional Mailako mutilen taldearena, eta 2-0 garaitu zuen Aloña Mendi, Aritz Oyarbideren eta Axel Sanzen golekin.

Hernaniarrek partidua dominatzea lortu zuten hasieratik, eta erritmo horretan heldu zen Oyarbideren gola. Faltaz sartu zuen partiduko lehena, atezaina despistatu zuen jaurtiketa bikain batekin. Bigarren erdian, ordea, Aloña Mendikoek garaipena lortzea  izan zuten helburu, eta sendo itzuli ziren zelaira. Hala ere, Axel Sanzek bigarren gola egitea lortu zuen, eta horrelaxe itxi zen markagailua etxekoen alde. 

Bestalde, Ohorezko Erregional Mailan, nesken taldeak porrota izan zuen Lesakan, Beti Gazteren aurka. Lesakarrek erritmoa zehaztu zuten hasieratik, eta baloi gehienak beraiek dominatu zituzten. Edonola ere, Aritz Lujanbioren neskek aurre egitea lortu eta partidua parekatu zuten atsedenaldira heldu aurretik. Bigarren erdian, hernaniarrak indarberrituta itzuli ziren zelaira, baina, ondoen ari ziren unean, Lesakakoek gola egin zuten. Une horretan, defentsan jarri zuten fokua, eta, 1-0eko emaitzarekin, hernaniarrek ez zuten lortu atzelari lesakarren horma gainditzea. 

Berdinketa eta garaipena, Mundarrokoek 

Gorengoen mailan, mutilen taldeak 2-2 berdindu zuen Lasarteren aurkako partidua. Mundarrokoek ez zuten asmatu lehenengo zatian, eta lasartearrek aurrea hartu zuten markagailuan. Hala ere, bigarren zatian, Mendiburuk eta Errastik gola sartu, eta penaltiz azken aukera izan bazuten ere, berdinketarekin itxi zen emaitza.

Nesken kasuan, astigartarrek Oiartzunen aurka neurtu zituzten indarrak, eta 2-3 irabazi zuten Karla Lekuona zelaian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!